Fitxaketa ugari egin du Iraurgik denboraldi berriaren atarian

Uztarria.eus 2015ko ira. 1a, 15:08

Duela bi aste inguru hasi zituzten aurredenboraldiko prestaketak Iraurgi Saskibaloiko taldeek, eta hainbat fitxaketa egin dute 2015-2016 denboraldira begira. Gizonezkoen lehen taldean iazko denboraldian aritutako jokalarietako bik soilik jarraituko dute klubean. Nesken lehen talderako ere, fitxaketa bat behintzat egin du klubak.

Aurredenboraldian murgilduta diren honetan eta denboraldia hasteko aste gutxiren faltan, fitxaketa ugari egin ditu Iraurgi Saskibaloi Taldeak. Iaz helburuk ondo beteta bukatu zuen denboraldia Iraurgik; izan ere, emakumeen lehen taldeak, Zurt ISBko neskek, Espainiako Emakumeen Bigarren Mailarako (LF2) txartela eskuratu zuten, baina azkenean lehenengo mailan arituko dira Iraurgiko neskak. Gizonezkoen lehen taldeak, bestalde, liga bukatzeko jardunaldi baten faltan lortu zuen mailari eustea, eta Zilarrezko Adecco mailan jarraituko du beste denboraldi batez.

Duela bi aste inguru hasi zituzten aurredenboraldiko prestaketak Iraurgi Saskibaloiko taldeek, eta hainbat fitxaketa egin dute 2015-2016 denboraldira begira. Gizonezkoen lehen taldean, Zilarrezko Adeco Mailan, iazko denboraldian Azpeitiko taldean aritu ziren bi jokalarik soilik jarraituko dute: Ibon Guridi azpeitiarrak eta Xabier Oroz azkoitiarrak. Horiez gain, hurrengo jokalariek osatuko dute lehen taldea: Gaizka Maiza antolatzaileak (Tolosa, 1996), Pablo Arenaza eskoltak (Donostia, 1993), Lander Segurola pibotak (Errenteria, 1883), Iñigo Sarasola pibota (Azpeitia, 1995), Tyler Olander hegal-pibota (AEB, 1992), Jordan Semple hegal-pibota (AEB, 1992), Nikolas Skouen eskolta (Norbegia, 1990), Ruben Gutierrez antolatzailea (Algeciras, Andaluzia, 1995) eta Gipuzkoa Basketek utzitako Nikola Circovic antolatzailea (Serbia, 1997). 

Nesken lehen taldea ere ari da denboraldi berrirako fitxaketak egiten. Azpeitiko eta Azkoitiko jokalariekin batera ariko dira Roselis Silva antolatzailea (Venezuela, 1991) eta Ainara Epelde eskolta (Azpeitia, 1991). Dena den, beste fitxaketa batzuk ere egingo dituela iragarri du Iraurgik. Ondorengoak dira nesken lehen taldean ariko diren azpeitiar eta azkoitiar jokalariak: Eider Bereziartua (Azpeitia, 1991), Naroa Uria (Azpeitia, 1996), Maitane Gurrutxaga (Azpeitia, 1991), Intza Lizarazu (Azkoitia, 1991), Irati Etxeberria (Azpeitia, 1992), Garazi Arregi (Azpeitia, 1992), Itsaso Astigarraga (Azpeitia, 1995) eta Maite Zubizarreta (Azpeitia, 1995).

Klubeko gainerako taldeak ere martxan dira dagoeneko. Aurten 20tik gora talde ariko dira, mailaz maila, liga desberdinetan, eta teknifikazioa ere eskainiko du Iraurgik.