Ekitaldi instituzionalak, aldarrikapenak eta Bakailao Txapelketa, San Inazio bigarrenez

Uztarria.eus | Festak | Argazki galeria
2015-08-01 14:43

Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkaritza zabala elkartu da gaur, San Inazio bigarrenez, Azpeitian. Goizeko 10:00ak pasatxorako plazan ziren Azpeitiko Udaleko zinegotziak eta Eneko Etxeberria alkatea, Eusko Jaurlaritzako ordezkari Arantxa Tapia eta Ricardo Gatzagaetxebarria eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Markel Olano eta beste hainbat diputatu. Dantzariek aurreskua egin diete agintariei, eta segidan, Loiolarako bidea hartu dute Izarraitz Txistulari Taldekoekin eta Azpeitiko Musika Bandarekin batera. Ordurako,n plazan Bakailao Txapelketarako mahaiak prestatzen hasita zeuden antolatzaileak.

Arana kalean Loiolara eraman dituen autobusa hartu aurretik kazetarien aurrean hitz egin du Arantxa Tapiak, eta hark Gipuzkoa indartu beharraz hitz egin du. Erakundeetako ordezkariak autobusez Loiolara iritsi direnean, basilikaren aurrean zain zituzten Etxerateko kideak. Haiek dispertsioak eragindako gastu ekonomikoaren urteko balantzearen txosten bana eman diete Arantxa Tapiari eta Markel Olanori. Ondoren hasi da meza. Bertan izan dira hainbat gotzain, tartean, Gipuzkoako Gotzain Nagusi Jose Ignacio Munilla. Elizkizuna hastean, Arrupe hotelaren ondoan elkarretaratzea egiten ari ziren Etxerat elkarteko kideekin bildu da Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta giza eskubideen errespetuaz hitz egin du prentsaren aurrean.

Bakailao Txapelketa

12:00etan hasi da zortzigarren Bakailao Txapelketa plazan. 34 bikotek hartu dute parte, eta bi minutuko tartearekin hasi dira bakailaoa prestatzen. 40 minutu izan dituzte kilo bakailao pi-pil eran prestatzeko, eta epaimahaikideek hasieran egindako puntuaketaren arabera, berdinketa izan da bi bikotek prestatutako bakailaoaren artean. Epaimahaiak hala ebatzita, Mikel Otaegik eta Karmen Altunak irabazi dute aurtengo txapelketa. Bigarren sailkatu dira Mila Uranga eta Maritxu Arteaga, eta hirugarren postua eskuratu dute Kepa Urbietak eta Oihana Elduaienek. Elkarteen saria, berriz, Zulo Zabal soziedadeko kideek eskuratu dute, puntu baten aldearekin.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa