Azpeitiarrek harrera beroa egin diete santioei

Uztarria.eus 2015ko uzt. 25a, 15:43

Euriari aurre eginez, jendetza izan da eguerdi partean plazan eta inguruetan, Santio Egunaz gozatzen. 11:30ean Azpeitiarren Napar Zuzterrak taldekoek Nafarroako bandera omendu dute, dantza artean. Ondoren hasi dira txekor eta hegaluze pintxoak banatzen, eta sagardo dastaketari ere ekin diete herritarrek.

Bitartean, plazako kioskoan izan dira epaimahaikideak leihaketan parte hartu duten 23 sagardoak dastatzen, eta plazan jarritako oholtzan leihaketara aurkeztutako gaztak probatzen aritu dira. Astotegian, berriz, eskualdeko ganaduen erakusketa izan da. Giroa alaitzen aritu dira trikitilariak eta bertsolariak. Hemen, goiz eta eguerdi parteko argazki bilduma.

14:00ak jota hasi dira sagardo eta gazta leihaketetako sariak banatzen. Aurtengo santioetako sagardo onena Alorrenea izan da. Bigarren egin du Herrerok eta hirugarrena, berriz, Petritegi izan da. Gazta leihaketa Rikardo Remirok irabazi du.