Marea Arroxaren indarraz preso, iheslari eta deportatuak etxeratzea eskatu dute

Uztarria.eus 2015ko uzt. 24a, 23:16

Presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen defentsan eta horien etxeratzea eskatuz, ekitaldia egin dute gaur, ostirala, plazan, Marea Arroxak antolatuta. Marea Arroxaren indarraz, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzera goaz! lelopean egin dute ekitaldia, baina aurretik, 19:00etatik 19:30era, herritarrek koloretako oihal zatiak marearen indarra irudikatzeko erabilitako soketan jartzeko aukera izan dute. Ekitaldia 19:30ean hasi da, eta musikak, poesiak, abestiak, bertsoek zein hitzartzeak izan dute tartea plazan jarritako oholtzan. Bukaeran, Azpeitiko preso, iheslari eta deportatuen, Josu Urbieta Pow-ren, Gotzon Aranbururen, Juan Manuel Bereziartua Pakea-ren, Joseba Segurolaren eta Iñaki Etxarteren senideak igo dira oholtzara. Aurreskua egin diete txistuaren doinuz lagunduta, eta ondoren lore sorta bana eman diete.