Abuztuko Europako Sega Txapelketan lehiatuko den euskal selekzioa aurkeztu dute Loiolan

Uztarria.eus 2015ko uzt. 24a, 21:56

Abuztuaren 28tik 30era Loiolan jokatuko den Europako Sega Txapelketan Euskal Herria ordezkatuko duen selekzioa gaur, ostirala, aurkeztu dute basilikaren atarian. Hauek dira euskal selekzioa osatuko duten bost emakumeak eta hamar gizonezkoak: Alaitz Imaz, Ainhoa Mazkiaran, Ainhoa Galarraga, Irati Astondoa, Ainara Otamendi, Bixente Mitxelena, Jesus Mari Goenaga, Koldo Arzelus, Julen Gabirondo, Andoni Urrutia, Aimar Garmendia, Oier Urkola, Jon Otegi, Mikel Lizartza eta Suharri Irazustabarrena. Alemaniako, Austriako, Suitzako, Esloveniako eta Hego Tiroleko segalariekin neurtuko dituzte indarrak euskal herritarrek Azpeitian jokatuko den txapelketan.

Almitza elkarteko antolatzaileek eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek abuztuko zitaren garrantzia nabarmendu dute gaurko aurkezpenean. "Urteko Europako nazioen arteko herri kirol ekitaldi mediatikoena" izango dela adierazi du Almitzako Garikoitz Lobregatek, eta Azpeitian ez ezik Urola bailara osoan txapelketak izango duen "inpakto ekonomiko handia" aipatu du Estitxu Elduaien zinegotziak.