Saninazioak 2015

Saninazioetarako bi pilota jaialdi antolatu ditu Ilunpe elkarteak

Uztarria.eus 2015ko uzt. 23a, 13:23
Estitxu Elduaien, Xabier Aldalur eta Joanes Otamendi.

Orain arte Udalak antolatzen zituen saninazioetako pilota jaialdiak, baina aurten Ilunperen proposamena onartu, eta elkarte hori arduratu da jaialdien nondik norakoez. Hilaren 31n, San Inazio Egunean, eta abuztuaren 1ean izango dira jaialdiak, eta sarrerak erreserbatu daitezke dagoeneko.

Gaur, osteguna, aurkeztu dituzte saninazioetako pilota jaialdiak Izarraitz pilotalekuan. Bertan izan dira Udaleko Kirol batzordeburu Estitxu Elduaien eta Ilunpe pilota elkarteko zuzendaritzako kide Joanes Otamendi eta Xabier Aldalur. Aurten, aurrenekoz, Ilunpeko kideak arduratu dira pilota partiden antolaketaz, eta egindako lana "eskertu" die Elduaienek, "horrelako kartelarekin festak hobetzea lortu dutelako". "Ilunpekoek eurek antolatzeko proposamena egin ziguten, eta festetarako ekitaldiak herri ekimenez antolatzea gure filosofiarekin bat datorrenez, proposamen oso egokia iruditu zitzaigun", azaldu du. Xabier Aldalurrek esan duenez, "ilusioz" hasi dute etapa berria.

Aurtengo saninazioetan bi pilota jaialdi izango dira: uztailaren 31n, San Inazio Egunez, lehena eta abuztuaren 1ean bigarrena. San Inazio eguneko jaialdian bi partida izango dira 22:30ean hasita. Aurreneko neurketa Irribarriak eta Tolosak Agirreren eta Apraizen kontra jokatuko dute. Bigarrenean, berriz, Artola eta Albisu Altuna III.aren eta Rezustaren aurka arituko dira. Ilunpekoek azaldu dutenez, "jaialdi horretan Gipuzkoako pilotariei eman nahi genien tartea".

Abuztuaren 1eko jaialdian ere bi partida izango dira, 22:30etik aurrera. Lehenengo neurketa Aritz Lasak eta Urruzolak jokatuko dute Olaetxea eta Larunberen aurka. Bigarrengoan "bi figura handi" ariko dira lehian. Izan ere, Olaizolak eta Beroizek Irujoren eta Zubietaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Sarrerak

Sarrerak bi modutan eskuratu ahal izango dira. Jaialdien egunetan 12:00etatik 14:00etara zabalduko dituzte Izarraitz pilotalekuko leihatilak. Partida aurretik ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, 21:00etatik aurrera. Bestalde, eta berrikuntza moduan, aurrez sarrerak erreserbatu ahal izango dira 660 80 66 80 zenbakira deituta. Jaialdi bakoitza 30 euro ordaindu beharko da, eta bi jaialdietarako bonoa, berriz, 50 euro.

Cesar Valverde saria, 26an

Azpeitiak Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala jokatuko du Uharteren aurka, Santio Egunez, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 10:30ean hasita. Hori dela-eta, egun horretan jokatu ohi izan den Cesar Valverde Pilota Saria hilaren 26an, igandean, jokatuko da, 11:30etik aurrera, Frontoi Txikian.