Menpekotasuna duten pertsonei gauez etxez etxeko laguntza eskaintzeko proiektua abiatuko dute abuztuaren 2an

Uztarria.eus 2015ko uzt. 21a, 16:27
Ezkerretik eskubira, Ainhoa Beristain Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua, Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako teknikaria, Eneko Etxeberria alkatea eta BegoƱa Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendaria.

Azpeitiko Udalak eta Iraurgi Berritzenek elkarlanean jarriko dute martxan proiektu "berritzailea", eta bost hilabeteko proba pilotua izango da abuztuaren 2tik abenduaren 31ra bitartean eskainiko dutena. Menpekotasuna duten herritarrei etxez etxeko zerbitzua eskainiko zaie gauez, eta zerbitzua jaso nahi dutenek udaletxean eman beharko dute izena.

Enplegu Planaren baitan, Azpeitiko Udalak eta Iraurgi Berritzenek menpekotasuna duten herritarrei gauez etxez etxeko zerbitzua eskaintzeko proiektu pilotua jarriko dute martxan abuztuaren 2an. Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako teknikariak azaldu duenez, menpekotasuan duten pertsonek dituzten "beharrei erantzutea" da helburua: "Beharraren arabera, langileak etxez etxe pasatuko dira, laguntza behar duen pertsona nola dagoen ikustera, eta sor daiteken beharretan laguntzera". Proiektu hau eta aurrez dauden zerbitzuak (eguneko zentroa-eta) kontuan hartuta, menpekotasuna duten pertsonei egun osoz eskainiko zaie laguntza zerbitzua.

Etxez etxeko gaueko zerbitzua abian jartzeko hiru langile kontratatu dituzte (bi laguntzaile eta gizarte langile bat). Behin proba pilotua bukatutakoan, proiektuaren gaineko azterketak eta bideragarritasun plana egingo dituzte, "zerbitzu gehiago eskainiko dituen enpresa bat sortu daitekeen edo ez ikusteko". Izan ere, etxez etxeko zerbitzua "zabaltzea" dute xede proiektuaren sustatzaileek.

Zerbitzua igande gauetik zapatu goizera bitartean eskainiko dute, eta gaur gaurkoz hamar bat herritarrek eman dute zerbitzua jasotzeko izena. Interesa dutenek izena eman dezakete oraindik ere, eta udaletxean egin behar da eskaria. Hilean 50 euro ordaindu beharko da, momentuz.

Eneko Etxeberria alkateak azaldu duenez, zerbitzu berriak sortzeko aukera eskaintzen du hirugarren adinak eta, horri lotuta, proiektu "berritzailea" da abian jarriko dutena. "Xedea da menpekotasuna duten pertsonei arreta integrala eskaintzea etxean, eta horretarako abiatuko dugu proiektu hau", esan du. 

598, menpekotasuna duten herritarrak

Azpeitiko biztanleriaren datuak jakinarazi ditu Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako teknikariak. Orotara, 14.788 biztanle ditu Azpeitiak, eta horietatik 3.008 (%20,34) dira 65 urtetik gorakoak. Biztanle guzti horietatik, 598 dira menpekotasuna duten azpeitiarrak (%4,04) eta zenbateko horren %72,25 dira 65 urtetik gorakoak, eta %27,75, berriz, gazteagoak. 

Proiektu pilotoarekin pertsona eta bere familia hartu nahi dituztela kontuan azaldu du Zubiak. "Ez dugu familiak nahi duena soilik hartuko kontuan, eta laguntza etxean jaso nahi duen pertsonari, ahal dela, etxean eskainiko zaio laguntza guztia".