Herriko harrobia, Ilunpetik argitara

Urola Kostako Hitza 2015ko uzt. 21a, 11:47
Alberdi, Egiguren, Unanue eta Iriarte, Frontoi Txikian.

Euskal Herriko Herriarteko finala jokatuko dute zapatuan azpeitiarrek. Alberdik, Egigurenek, Iriartek eta Unanuek lehen aldiz jokatu dute pilota txapelketa. Eta, aurrenekoan, finalera.

Herriartekoaren taldeko pilotari gazteenak dira Mikel Unanue, Jon Alberdi, Gorka Iriarte eta Julen Egiguren. Txiki-txikitatik bizi izan dute laurek pilotarako grina, eta aurtengoan, lehen aldiz lehiatu dira Herriarteko txapelketan. Sei-zazpi urterekin hasi ziren pilotan Iriarte eta Egiguren; eta zortzi urterekin, Unanue. Alberdik, berriz, bost urterekin ekin zion kirol hau esploratzeari, haurra zenetik etxeko paretan ibiltzen baitzen hura pilotari joka, eta Frontoi Txikira eraman zuen aitak.

Unanuek eta Alberdik kadeteen bikotea osatzen dute; eta jubenilena, berriz, Iriartek eta Egigurenek. Jurgi Larrañaga eta Daniel Murgiondo seniorrekin batera jokatuko dute Euskal Herriko Herriarteko finala larunbatean, 10:30etik aurrera, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Nafarroako txapeldunak izango dituzte aurrez aurre, Uharteko pilotariak. Hirugarren aldiz jokatuko du Azpeitiak halako final bat.

"Hasieran ez genuen espero honaino iristerik, baina partidaz partida egin dugu aurrera, eta ikusi dugu lan ona egiteko gai garela". Hala azaldu du Jon Alberdi pilotariak. Izan ere, jubenilik ez zutela-eta, aurkeztu edo ez, zalantza ibili ziren Ilunpe pilota elkarteko kideak.

Aurrera egitea erabaki zuten haiek, eta bi kadetek bete dute jubenilen lekua; Iriartek eta Egigurenek, hain zuzen. Iriartek esan du "paper zaila" suertatu zaiela beraiei: "Jubenilen aurka jokatzea ez da izan erraza; baina, bestalde, guk izan dugu presio gutxien, ikusten baigenuen ia ezinezkoa zela guk norgehiagoak irabaztea. Eginiko lanarekin gustura gaude". Egigurenek azaldu du nabarmena dela adin horretan tartea, eta «urduri» hasi zutela txapelketa. Hala ere, "gero eta lasaiago" sentitu dira haiek kantxan, eta jendearen babesak ere lagundu die: "Nahiz eta gauzak ondo ez irten, Frontoi Txikiko ikusleek beti animatu gaituzte, beti izan dituzte hitz onak guretzat, horrek lagundu egiten du".

"Garrantzitsua eta pozgarria" izan zen jubenilen mailan jokatzen duten azpeitiarrentzat Gipuzkoako Herriarteko txapelketako finalean partida irabaztea. Uztailaren 5ean jokatu zuen Tolosaren kontra Gipuzkoako Herriarteko finala Azpeitiak, eta hiru partidatik hiru irabazi zituzten Atano III.a pilotalekuan.

Iriarte eta Egiguren ez dira, ordea, pilotari helduagoen aurka jokatzen duten bakarrak. Unanue infantila da berez, baina kadeteekin jokatzea suertatu zaio aurtengoan. Alberdi du bikotekide. "Ondo sentitu naiz zaharragoekin jokatzen, Jon bera ere zaharragoa da, eta aukera eman dit harengandik ikasteko", azaldu du Unanuek.

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.