Berezien kanalak eta albisteak sare sozialetan partekatzeko tresnak, Uztarria.eus-en

Uztarria.eus 2015ko uzt. 20a, 20:31

Bereziak atalean herriko festa, gertakari berezi edota hauteskundeei eskainitako kanalak aurkituko dituzte aurrerantzean erabiltzaileek. Aurreneko biak, Kontuk eta komeriyek saioari eta 2015eko saninazioei eskainitakoak dira. Bestetik, erabiltzaileek gustuko dituzten albisteak euren Facebook edota Twitterreko kontuetan partekatu ditzakete orain, klik bakarrarekin.

Uztarria.eus-en erabiltzaileei informazioa helarazteko erraztasuna areagotu eta oro har zerbitzua hobetzeko ahaleginetan jarraitzen du Uztarria Komunikazio Taldeak. Helburu horrekin, oporren atarian bi berrikuntza gehitu dizkiogu webguneari.

Bata, Bereziak atala da. Webguneko azalaren goikaleko menuaren Aktualitatea gunean topatu daiteke dagoeneko herriko festa, gertakari berezi edota hauteskundeei eskainitako kanalak batuko dituen atala. Aurreneko biak, Kontuk eta komeriyek saioari eta 2015eko saninazioei eskainitako kanalak dira. Berezien kanal bakoitzean, aipatutako gaiarekin lotura duten albiste, informazio eta eduki guztiak zerrenda bakarrean bateratuta emango dira, gai zehazt horrekin -aurtengo saninazioak edo Kontuk eta komeriyek-en bideoak, esaterako- interesa dutenek behar duten informazio guztia modu errazean topatu ahal izateko.

Albiste edo eduki bat berezien kanalen batean agertzen bada, albiste horren behekaldean ere zehaztuta egongo da zer kanali dagokion edukia. Aktualitateko gaia denean, dagokion kanala webgunearen azalean ere ikusgai jarriko da -uneotan Saninazioak 2015 kanala dagoen bezala-, Komunitatea atalaren gainekaldean.

Sare sozialetan partekatzeko

Uztarria.eus-i azken egunetan gehitu zaion beste berrikuntza webgunearen edukiak sare sozialetan partekatzeko botoitxoak dira.

Albiste bakoitzaren azpian, erabiltzaileek Facebooken eta Twitterren ikonoak dituzten bi botoi dituzte. Horrela, Uztarriako edukiren bat gustuko badute eta hori euren Facebook edota Twitterreko kontuetan partekatu nahi badute, aipatutako botoiak sakatu besterik ez dute, esteka aipatu sare sozialetako beraien kontuetan argitaratzeko.