Azpeitiko mapa turistiko berria argitaratu dute

Uztarria.eus 2015ko uzt. 20a, 14:04
Estitxu Elduaien eta Agustin Lizarralde Udal zinegotziak.

Azpeitiko herria bisitatzen dutenei egonaldia erraztuko dien mapa turistiko berria argitaratu dute Udalak eta Iraurgi Berritzeneko Turismo sailak elkarlanean. 

Azpeitira datozen bisitarientzat mapa turistiko berria argitaratu dute Udalak eta Iraurgi Berritzeneko Turismo sailak elkarlanean. Mapa turistikoa ilustrazio bidez egindakoa da, eta Udalak adierazi duenez, "erabilera erraza eta garbia du" eta "oso erakargarria" da. Agustin Lizarralde Udaleko Turismo batzordeburuaren arabera, "bailararen perspektiba osoa argi agertzen da mapan eta, adibidez, Loiolan dagoen turistak mapa horren bidez argi izango ditu Azpeitiko plazara edo trenaren museora iristeko hartu beharreko bideak".

Toki batera edo bestera joateko egin beharreko bideaz gain, herriko puntu esanguratsuenak jaso dituzte mapan: zenbakituta eta ilustrazio eta argibide batzuekin. "Horrela, turistak herriko itzuli edo bisita autogidatu berezia egiteko modua bilatu dugu", gaineratu du Lizarraldek.

Mapa turistikoa lau hizkuntzatan argitaratu dute: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez. Gainera, bisitarientzat erabilgarri izan daitezken bestelako zerbitzuak ere adierazita daude mapan. Besteak beste, autobus geltokiak, taxi geltokia, anbulatorioa eta komun publikoak.

"Uste dugu, Android eta iOS sistemadun gailuentzat eskuragarri dagoen ibilbide turistikoaren UROLApp-arekin, guztiz osagarria dela mapa, eta gurera etortzen diren turistek bere kabuz egonaldi ederra pasatu ahal izateko tresna egokiak sortu ditugula Azpeitin", esan du Turismo batzordeburuak.

Mapa turistikoak eskualdeko Turismo Bulegoan, Loiolan eta Burdinbidearen Euskal Museoan eskuratu ahal izango dira. Horrez gain, udaletxean ere jarri dituzte ale batzuk eta hala nahi duten establezimenduek-eta (jatetxeek, tabernek, ostatuek...) Loiolako Turismo Bulegora jo besterik ez dute mapa turistikoak hartzera, gero euren bezeoren artean banatu ahal izateko.