Sergio Gomez: "Bakoitzak bere alea jartzea ezinbestekoa da"

Uztarria.eus 2015ko uzt. 17a, 14:03

Gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzea helburu, Solidaridad y esperanza elkartea martxan da Azpeitian. Sergio Gomez elkarteko kidea da eta gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko, norbanako guztien laguntza "ezinbestekoa" dela dio. Horregatik, elkarteak ateak zabalik dituela adierazi du. 

Soliradidad y Esperanza elkartea martxan da Azpeitian, gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzea xede. Santos Gomezenen aitak, Sergio Gomezek, eta haren familiak bultzatu zuten egitasmoa, eta gaur egun asko dira elkartean parte-hartzen ari diren norbanakoak.

Azpeitian bizi da Santos Gomezen familia duela zortzi urte ingurutik eta horietatik asko lanean daramatzate, "gaixotasun arraroak dituzten pertsonek bizitza hobeagoa izan dezaten". Zazpi anai-arreba dira Santos-eta. 22 urte ditu Santosek eta Duchenne giharretako distrofia dauka. Bederatzi urte dituen haren anaia gazteenak ere, Lautarok, gaitz bera du. Martxoan ama zelulen tratamendua jaso ahal izan zuten eta Sergio Gomez, bi mutilen aitak, asko eskertzen du herritarrek emandako laguntza: "Ez litzateke posible izango gure haurrei tratamendua ematea jendearen laguntzarik eta elkartasunik gabe", azpimarratu du Gomezek. Dena den, orain, emaitzak ikusteko zai daude.

Elkartea sortzearen ideia Santos semeari otu zitzaiola azaldu du haren aitak: "Tratamendua jaso ondoren, bazkaltzen ari ginen egun batean, Santosek esan zidan ea posible izango al litzateken arazo bera duten pertsonei laguntza ematea eta nik, noski, baitz erantzun nion". Ordutik, "astelehenetik igandera" lanean aritzen direla azpimarratu du Santosen aitak eta jendearen elkartasuna "ezinbestekoa" dela egitasmoa aurrera eramateko. "Gizarteak konfiantza eman digu eta inoiz ez dira gelditu elkartasun eta laguntza keinuak". Azpeitian dago elkartearen egoitza nagusia, baina azaldu du inguruko herrietatik ere iritsi dela laguntza: Azkoititik, Zarautzetik eta Donostitik, besteak beste.

Elkartean dituzten baliabide nagusiak plastikozko tapoiak dira. Bost hilabetetan hiru tona tapoi baino gehiago bildu dituzte, eta hori "izugarria" dela azpimarratu du Santosen aitak. Izan ere, plastikozko tapoi tonako 190 euro jasotzen dituzte. Lortutako diruarekin gaixotasun arraroak dituzten pertsonei laguntzea dute helburu, "modu ezberdinetan". Sergio Gomezen arabera "asko dira gaixotasun hauek dituzten pertsonei laguntzen dieten erakundeak, baina gu kasu zehatzetan lagunduko dugu". Horretarako, botikak, gurpil-aulkiak edo hezkuntzarako bekak emango dituztela azaldu du Gomezek.

Hezkuntzaren garrantzia azpimarratzen du Santos eta Lautaroren aitak. "Gaixo egoteak ez du esan nahi ez direnik ikasteko gai". Horregatik, hezkuntza arloan laguntzak ematea "ezinbestekoa" dela dio eta gaixotasunak dituzten pertsonek gainerako pertsonek jasotzen duten hezkuntza jaso behar dutela azaldu du. 

Soliradidad y Esperanza elkarteak ateak zabalik ditu. "Edonor da ongietorria, ilusioa eta gogoa duen oro", azaldu du Gomezek. Bestalde, azpimarratu du, "guztion aletxoarekin egingo dugu posible helburua lortzea; banaka ez dugu ezer lortuko, guztion indarrak batuta, aldiz, gauza handiak lor ditzakegu". Gaixotasun arraroak dituzten pertsonei laguntzea helburu hartu eta elkartean parte hartu nahi duenak, sergiogomez63@hotmail.com e-postara idatzi edo 671 923 966 telefono zenbakira deitu dezake.