Amaia Azkueren hiltzaileak adingabekoentzako zentroan jarraituko du

Uztarria.eus 2015ko uzt. 16a, 20:51

2012an ezarri zioten hamar urteko zigorra orain dagoen zentroan betetzen jarraitu ala helduentzako kartzela batean bete ebazteko saioan hala erabaki zuen atzo, asteazkena, Donostiako Adingabekoen Epaitegiko epaileak.

Orain urtebete bezala, Amaia Azkue hiltzeagatik hamar urteko zigorra betetzen ari den azpeitiarrak orain dagoen adingabekoentzako zentroan jarraitu behar al duen ala kartzelara joan behar den ebazteko saioa egin zuten atzo, asteazkena, Donostiako Adingabekoen Epaitegian. Zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, epaileak Azkueren hiltzaileak kartzela-aldia adingabekoen zentroan betetzen jarraitzea erabaki du, beste urtebetez gutxienez.

Dagoeneko adinez nagusia izan arren, hilketaren unean zigortutako gaztea adingabea zen eta horregatik ezarri zioten zigorra adingabeen zentro batean betetzearen neurria. Zigortutakoaren jarrera, baina, aldian-aldian errebisatzen dute epaitegietan, adingabekoen zentroan jarraitzeko aukera luzatu ala ez erabakitzeko.

2014ko uztailean ere antzeko auzi saioa egin zen Donostiako Adingabekoen Epaitegian. Orduan, eta epaiketan defendatu zuen bertsioan ez bezala, Amaia Azkue berak hil zuela onartu zuen zigortutako azpeitiarrak.