Zapatuan jokatuko dute auto klasikoen Azpeitiko XII. Rallya

Uztarria.eus 2015ko uzt. 15a, 20:19
Klasikoen Rallyan aterako diren bi Porsche eta gidariak, aurkezpenean. (LAGUN ARTEA ESKUDERIA)

11:00etan abiatuko da proba, Epaitegien plazatik. Erlojupeko zazpi zati osatu beharko dituzte parte-hartzaileek; guztira 229 kilometro izango ditu ibilbideak eta horietatik 199 izango dira erlojupekoak. 25 urte baino gehiago dituzten kotxeek har dezakete parte rallyan. Joxe Labaka eta Aitor Otaegi dira parte hartuko dutenetako batzuk, 1987ko Citroen Visa GTI batekin.

Lagun Artea Eskuderiak antolatuta zapatuan, uztailak 18, jokatuko dute auto klasikoen aurtengo Azpeitiko Rallya. Hamabigarren edizioa beteko du 25 urtetik gorako kotxeentzako probak eta, kopurua zehaztu gabe izan arren, antolatzaileek "parte-hartze zabala" espero dute.

11:00etan abiatuko da proba, Epaitegien plazatik. Erlojupeko zazpi zati osatu beharko dituzte parte-hartzaileek, honako tokietan: Errezilen, Abaltzisketan eta Barbarinen goizez, eta Matxinbentan, Aizarnan, Endoian eta Azkaraten arratsaldez. 19:00ak aldera bukatuko da rallya hasierako toki berean, Epaitegien plazan.

Joxe Labaka eta Aitor Otaegi dira parte hartuko dutenetako batzuk, 1987ko Citroen Visa GTI batekin. Orain arte izena eman dutenen artean, faboritoen artean kokatu dute etxeko bikotea Lagun Arteakoek, Txema Foronda eta Pilar Rodesekin (1985eko Panther Kallista) eta Nacho Bañares eta Alfonso Oiarbiderekin (1981eko Seat 31) batera.

Orain arte izena eman dutenen artean autorik zaharrenak 1970eko bi dira: Marcelo Rodriguezen Renault 8-a eta Ramon Marijuanen Mercedes 250C-a. Porsche, BMW eta Ford etxeetako klasikoak ere ez dira faltako zapatuko rallyan.