Omenaldi hunkigarria jaso du Jose Mari Orbegozok

Uztarria.eus 2015ko uzt. 13a, 14:28

Jose Mari Orbegozo omendu zuten atzo, igandea, Soreasu antzokian bere dantza ibilbideagatik eta saloiko dantzak Azpeitian zabaltzeko egindako lanagatik. Gainera, hainbat sari jaso du aurten Orbegozok. Izan ere, Pasodobleko Europako Txapelketa irabazteaz gain, salsa modalitateko azpitxapelduna izan da, eta cha-cha-cha, vals, tangoa eta pasodoblea nahasten diren modalitatean hirugarren postua eskuratu du.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren baitan, saloiko dantzen ikuskizuna eskaini zuten atzo Orbegozoren Dantzaki taldeko ikasleek eta emanaldiaren amaieran omendu zuten dantzari azpeitiarra. Modalitate ezberdinetako hainbat dantza eskaini zituzten bi ordu inguru iraun eta Soreasu goraino bete zuen ikuskizunean. Emanaldiak iraun bitartean oholtzaren atzeko pantailan Orbegozoren bizitzako hainbat argazki ikusi ahal izan ziren. Azpeitiko ikasleak ez ezik, beste herrietakoek ere hartu zuten parte emanaldian eta ikasle-talde guztiek eman zioten oroigarri bana Jose Mari Orbegozori. Ikasleez gain, Azpeitiko eta Zumarragako udalek ere aitortza egin zioten dantzari azpeitiarrari eta haren dantzako bikote Amaia Fernandezi. 

Duela bi asteburu hasi zen aurtengo Azpeitia Dantzan, eta datorrenean bukatuko da, Itsasi dantza taldearen Zaraitzutik Erriberara ikuskizunarekin. Hilaren 18an, zapatua, izango da, 22:00etan hasita, Soreasu antzokian. Nafarroako herri ezberdinetako dantzak izango dira ikusgai.