Pausoa eman du Azpeitiak Euskal Herriko Herriarteko Txapelketan

Uztarria.eus 2015ko uzt. 13a, 11:54
Partidako une bat. (Maddi Mendizabal)

2 eta 1 irabazi zuten azpeitiarrek ostiralean Markina-Xemeinen kontrako joanekoa, Frontoi Txikin. Azpeitiaren bi garaipenak kadeteek eta seniorrek eskuratu zituzten. Itzuliko norgehiagokak datorren ostiralean izango dira, 19:00etatik aurrera, Markina-Xemeinen.

Markina-Xemeinen kontra 2 eta 1 irabazi zuten azpeitiarrek joan den ostiralean jokatutako Euskal Herriko Herriartekoko joaneko partida. Itzulerakorako 30 tantoko abantaila dute Ilunpeko mutilek, eta pauso garrantzitsua eman zuten ostiralean. Izan ere, ia eskura dute Euskal Herriko Herriartekoko finala jokatzeko aukera.

Kadeteek eta seniorrek irabazi zituzten partidak, eta jubeniletan, Markina-Xemeingo pilotariek eskuratu zuten garaipena. Kadeteetan, lan oso ona egin zuten Mikel Unanuek eta Jon Alberdik, eta 22 eta 5 bukatu zuten neurketa. Jubeniletan, Azpeitiaren aurkakoa izan zen emaitza. Oso indartsu aritu ziren Markina-Xemeingo mutilak, eta Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilek ezin izan zituzten lau tanto baino gehiago egin: 22 eta 4 izan zen emaitza. Azpeitiko seniorrek aise irabazi zien Bizkaiko bikoteari. Izan ere, Jurgi Larrañaga eta Daniel Murgiondo Ilunpeko pilotariak 22 eta 3 nagusitu ziren. 

Gipuzkoako Herriarteko partidetako gisan, jendez lepo bete zen Azpeitiko Frontoi Txikia. Behin joanekoa irabazita, itzulerakoari begira dira dagoeneko azpeitiarrak. Datorren ostiralean jokatuko dute itzuliko partida Markina-Xemeinen, 19:00etan hasita. Han erabakiko da nork jokatuko duen Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala, Santio Egunez. 

Argazki gehiago Urola Kostako Hitza-ren webgunean.