Jon Lapeira: "Lorpen handia da curriculumerako"

Uztarria.eus 2015ko uzt. 10a, 19:46
Jon Lapeira.

Uztarria herri aldizkariaren uztaileko zenbakia webgunean irakur daiteke dagoeneko, hemen. 174. zenbaki horretan, besteak beste, Lanbide Heziketako Worldskills Spain 2015 txapelketa irabazi duen Jon Lapeirari (Azpeitia, 1996) eginiko elkarrizketa dator. Espainiakoa irabazi ondoren, datorren hilean mundu mailako txapelketan lehiatuko da azpeitiarra, Brasilen. Jarraian irakur dezakezue aldizkarian datorren elkarrizketa.

Ingeniaritza ikasketak egiten "beste bat gehiago" izango zela uste bazuen ere, "aitak animatuta" –makina-erramintako komertziala da– IMHko ate irekietara joan eta Lanbide Heziketako zikloa egitea erabaki zuen. Orain, urrezko domina eskuratu du, Worldskills Spain 2015 txapelketako CNC Torneaketa proban. Lortutako garaipenak "ateak irekitzeko" balioko diola uste du.

Zer da irabazi berri duzun CNC Tornaketa proba?

Material desberdineko piezak egin behar izan ditugu tornu eta fresatzeko makinetan, antolatzaileek emandako neurrien arabera. Guztira, sei pieza simulatu behar izan ditugu ordenagailuan eta horietatik hiru makinan egin ditugu. Hiru egunetan lehiatu ginen eta ordu mordoa sartu genuen. Gogorra izan zen.

Prestaketa berezirik egin al zenuen txapelketara begira?

Aurten, EAEko txapelketa egiteko denborarik ez da izan eta iazko irabazlea, Iñaki Hernandez, IMHkoa zenez, bertako ikaslea joatea erabaki zuten. Izatez, bigarren mailakoak joaten dira txapelketara, baina lanpetuta zeudela-eta inor ez zen animatu. Orduan, neuri proposatu zidaten aurkeztea. Lehen mailan nago eta arrastorik ez nuen, baina animatu egin nintzen, curriculumean nabarmentzeko aukera ona zela eta. Goizez, klaseak nituen sei orduz, eta prestaketa lanak arratsaldez egin ditut, hiru hilabetean.

Espero al zenuen irabaztea?

Ez, inondik inora. Azkena ez egitea zen nire helburua, eta zer da-eta irabazi! Egia esan, egin beharreko piezak uste baino errazagoak ziren eta egundoko sorpresa hartu nuen. Gainontzekoen lanak ez nituen ikusi, baina lan txukuna egin izanaren sentsazioarekin bukatu nuen. Azken egunean, Euskal Herritik joandako guztiok afaltzera joan ginen eta, ondoren, parrandara. Hurrengo goizean, gaupasa eginda azaldu ginen sari-banaketara eta nire izena esan zutenean, ez nuen sinesten. Ikurrinarekin podiumera igo eta gogoz astindu nuen, zoratzen.

Kirol olinpiadak balira oihartzun handiagoa izango lukeela, ez al zaizu iruditzen?

Bai, Espainiako txapelketa irabazi dut eta gertuko jendeak bakarrik izan du horren berri. Kirola asko gustatzen zait, eta esan beharra dago tipo bat makina aurrean botoiari zapaltzen ikusi baino askoz ere erakargarriagoa dela. Nolanahi ere, esfortzuari eta lanari dagokionez, hezkuntza arloa gehiago baloratu beharko litzateke. Azken finean, jaten emango dizuna hezkuntza baita.

Parte-hartzaileen artean zer maila zegoen?

Ez dakit. Denbora guztian, nire lanean zentratuta nengoen eta ez nuen astirik izan besteen lanak ikusteko. Zortzi autonomia erkidegotako jendea geunden eta dakidana da Galiziako eta Valentziako ikasleak erdi mailako zikloa bukatuta goi mailakoa ari direla egiten, eta mundu hori ondo ezagutzen dutela. Horrek harritu ninduen gehiena; haien kontra lehiatu ahal izatea eta, gainera, irabaztea. Uste nuen gainetik pasatuko nindutela.

Munduko txapelketan izango zara abuztuan.

Bai, gustura nago oso. Momentuz lasai nago; han bai azkena egitea ez zaidala batere axola. Zailena egin dut eta disfrutatzera noa, esperientzia bizi, beste nazionalitateetako jendearen lanak ikusi eta Brasil bisitatzera. Berez, astebeteko bidaia da, baina guk astebete luzatzeko asmoa dugu. Iazko irabazle Iñaki Hernandez, Igor tutorea eta hirurok goaz. Haiengatik izan ez balitz, ez nuen irabaziko. Meritua haiena izan da eta eskertu nahi diet.

Nola ikusten duzu txapelketa?

Aurreko edizioetako piezak hartuta ari naiz entrenatzen eta uste baino hobeto ateratzen zaizkit. Denbora, ordea, justukoa izango dugu lanerako. Lau ordu ditugu ordenagailuan pieza diseinatu eta makinan egiteko. Hiru egunetan hiru pieza egin behar ditugu. 26 nazionalitatetako ikasleak gara, eta erdiek goizez lehiatuko dute eta beste erdiek arratsaldez. Gainontzekoek lana nola egiten duten ikustea polita da oso, eta horretarako izango dugu denbora Brasilen, Madrilen ez bezala.

Arerio gogorrenak zeintzuk izango dituzu?

Aurreko urteetako emaitzak ikusten aritu naiz eta japoniarrak, tailandiarrak eta brasildarrak oso onak dira. Aditu dudanagatik, batzuk hiru urte lehenago hasten dira entrenatzen. Puntuka baloratzen dute egindako lana eta iaz, esaterako, 26 parte-hartzailetatik hamarri bikaintasunaren aitorpena eman zieten. Maila oso ona izaten da eta lehia benetan estua.

Irabazi duzun txapelketak ateak irekitzen lagunduko dizula uste al duzu?

Baietz uste dut. Mekanizatu ikasketak jende askok ditu eta enpresetara curriculuma eramaten dudanean gainontzekoengandik bereiziko nauen lorpena da hori.

Adegiko lehendakari Pello Gibelaldek adierazi du bost urteren buruan lanpostu asko sortuko dela eta gazteak animatu ditu Lanbide Heziketa ikastera.

Albistegietan-eta entzuten dudanagatik, esango nuke Lanbide Heziketari gero eta garrantzia handiagoa ematen diotela. Ingeniaritza modan dago eta ingeniariak bilatzen dira baita harri azpian ere! Eta ingeniarien azpitik produzituko dutenak behar dira. Sistema dualarekin, ikasi eta lan, duela bost urte hasi ziren IMHn. IMHk enpresekin harremana du eta gure promozioan 16 ikasletik ia guztiek lortu dugu lana. Lana badago, eta enpresek langileak behar dituzte. Ikasteko eta lanerako gogoa da behar dena.

Oraindik ere, ordea, unibertsitate ikasketak gehiago daude baloratuta.

Jende askok uste du ingeniaritza ikasketek zikloek baino prestigio handiagoa dutela, baina errealitatean ez da hala. Gaur egun, ingeniaritzan edo beste karreraren batean lizentziatu arren, horrekin bakarrik jai dago. Masterrak eta abar egin beharra dago. Zentzu horretan, Lanbide Heziketak lan mundura askoz errazago bideratzen du. Etengabe ari gara entzuten lana lortzea zaila dela, langabezia dagoela, baina ni ez naiz inor baino azkarragoa, ez abilagoa. Duela urtebete ez nekien tornua zer zen eta dagoeneko urtebeterako kontratua sinatu dut.

Azkoitiko Lanbide Heziketan zikloen eskaintza sustatzeko apustua egin beharko al litzateke?

Dudarik gabe. Klasean hamalau gara eta horietatik bederatzi Azkoiti-Azpeitikoak. Horrekin erantzuna eman dizut. Ondo prestatutako irakasleak eta makineria dute Elgoibarren. Azkoitian ere baliabide egokiak jarriko balituzte, arrakasta izango luke.

Munduko txapelketa eta gero, zer?

Datorren urtean Europako txapelketara joatekoak gara. Euskal Herrian ere maila dugula erakutsi nahi dugu.