Inaziotar Bidearen inguruko jardunaldiak egingo dituzte uztailaren 16ean

Uztarria.eus 2015ko uzt. 10a, 12:48

Abuztuaren 1ean emango zaio hasiera Inaziotar Bidearen I. Jubileu Urteari eta horren harira antolatu dituzte jardunaldiak. Saioetan landuko dituzten gaien artean dira, Jesuseko Teresaren Aztarnak Ibilbidea, Montserrat zein Inaziotar Bideak eta Manresa 2022 Proiektu Estrategikoak. 

Inaziotar Bidearen inguruko jardunaldiak egingo dituzte hurrengo ostegunean, uztailak 16, Inaziotar Bidearen I. Jubileu Urtearen harira. Izan ere, abuztuaren 1ean emango zaio hasiera I. Jubileu Urteari. Jardunaldiak Loiolako Liburutegian izango dira, 09:00etan hasi eta 13:30ak bitartean. Saioetan hizpide izango dituzte Jesuseko Teresaren Aztarnak Ibilbidea, Montserrat zein Inaziotar Bideak edota Manresa 2022 Proiektu Estrategikoa. 

Azpeitiko Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, "turismo arloan herriarentzat mugarria izango den ekimena" izango da Ignaziotar Bidea eta uste dute "aberastasun iturri oso garrantzitsua" dela. Horrez gain, herriari "onura ekonomiko handiak" ekarriko dizkiola adierazi dute. Horrela, "bidea indartzen eta ezagutarazten jarraitzeko", Inaziotar Bidearen Inguruko jardunaldiak antolatu dituzte datorren asterako, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat erakundek elkarlanean.

Jardunaldien aurretik, uztailaren 15ean, Inaziotar Bidea sustatzeko-eta ekitaldi instituzionala egingo dute Loiolan. Bertan, Eusko Jaurlaritzako eta Kataluniako Generalitateko ekonomia sailburuek eta Azpeitia eta Manresako alkateek hartuko dute parte, besteak beste.

Udaleko ordezkariek azaldu dute "Inaziotar Bidea bezalako beste bideek izan duten eragin ekonomikoa oso handia" izan dela eta Inaziotar Bideak Azpeitian ere "inpaktu berdina izateko" lan egiten ari direla. Udal ordezkariek azaldu dutenez, otsaileko udalbatzaren osoko bilkuran erabaki zuten Loiola eta Manresako bidean igarotzen diren herriekin lankidetza hitzarmena sinatzea.

Horrez gain, azken Fitur nazioarteko turismo azokan Inaziotar Bidearen aurkezpena egin zela azpimarratu dute udal ordezkariek eta azaroan Eneko Etxeberria alkatea buru zuen delegazio batek Manresa bisitatu zuela ere gogorarazi dute. Udaleko ordezkariek gaineratu dute, bi udalerrien arteko interes turistikoak, kulturalak eta ekonomikoak "elkarlanean" lantzeko aukerak lantzen ari direla. Loiolan egiten ari diren turismo bulego berria "tresna garrantzitsua" izango dela nabarmendu dute, "gure herriko ekonomia eta ondarea sustatzeko".