Rice and Peas, plateretik oholtzara

Urola Kostako Hitza 2015ko uzt. 9a, 19:42
Eskuinekoa da Sanchez, Rice and Peas taldeko kidea. (PHOTO SOUND REGGAE)

Reggae gaua ospatuko dute larunbatean Sanagustin kulturgunean, 23:00etan hasita. Nazioartean ezaguna den Roberto Sanchez musikari eta ekoizlea izango da bertan, Rice and Peas taldearekin. Urola Kostako Hitza-koek harekin hitz egin dute.

"Sentipen atseginak sentitu eta une polita igaroko dute larunbatean Sanagustin kulturgunera gerturatzen direnek. Horrez gain, reggaearen kulturaz bustitzeko aukera izango dute entzuleek". Hala azaldu du Roberto Sanchez Rice and Peas taldeko musikariak (Santander, Espainia, 1977). Izan ere, reggae gaua ospatuko dute larunbatean Azpeitian, Sanagustin kulturgunean, 23:00etan. Sanchezen taldeaz gain, Tacumah Reggae Band eta Azpeitiko Patxi eta Willy Roots Brothers DJ bikotea izango dira oholtzaren gainean.

Sanchez musikaria, ekoizlea eta soinu ingeniaria da, eta ibilbide oparoa du reggaearen munduan. 1994an sartu zen arlo horretan kantabriarra; Lone Watti izan zen haren lehen taldea. Roots estiloko musikarekin lotzen dute Sanchez, baita bere letra esanguratsuekin ere. Loud and Lone taldean ere aritu zen, besteak beste. A-Lone Ark Muzik estudioan egiten du lan, eta bere musika ez ezik, beste talde batzuena ere ekoizten du hark. Berarekin grabatu zuen diskoa, adibidez, Hamabi Tribu taldeak.

Ekoizle bezala egin du lan gehien hark, baina orain, Rice and Peas talde berriarekin "joko berri batean" sartu da. "Guretzat proiektu berezia da, mundu honetan urteak daramatzagun pertsonak bildu gara, eta joko bat bezala hasi genuena proiektu polita bihurtu da. Guk esatea ez dago ondo, agian; baina izan gaitezke erreferente inguru hauetan". Hala da, abuztuaren 7an La Concha Reggae Vibes jaialdian izango baitira; hitzordu garrantzitsua da Kantabriakoa reggaearen zurrunbiloan daudenentzat.

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Urola Kostako Hitza-ren webgunean.