Artiekin elkartea sortu dute eskualdeko hainbat artisauk

Uztarria.eus 2015ko uzt. 8a, 12:34

Azoka Herritik egitasmoan parte hartu izan duten artisauek osatu dute elkartea. Soreasun irekiko den lokalean izango dute denda fisikoa eta prestaketa lanetan ari dira dagoeneko. Elkarteko kide izateko izena uztailaren 19ra arte eman ahal izango da.

Artiekin artisau elkartea sortu dute Azpeitian, azken bi urteetako iraileko Azoka Herritik egitasmoan parte hartu izan duten eskualdeko zenbait artisauk. 

Irailean Soreasun zabalduko den lokal berrian izango dute beraien txokoa Artiekineko artisauek eta lokala ireki bitartean, lekua kudeatzeko eta antolatzeko lanean ari dira. Izan ere, Soreasuko lokala zabaldutakoan bertan erosi ahal izango dira beraiek egindako produktuak eta ikusgai ere izango dituzte bertan. Artisauek sortutako produktuak direnez "berezitasuna" izango dutela adierazi dute Artiekineko kideek, "materiak jakin batekin eginak eta eskuz landutakoak" izango baitira. 

Elkarteko kideak martxan hasita badaude ere, Artiekinek ateak zabalik ditu. Izan ere, eskualdeko artisauek elkarteko partaide izan nahiko balute, izena eman dezakete oraindik. Horretarako, interesatuek mezu bat bidali beharko dute uztailaren 19a baino lehen artiekin.artisau@gmail.com helbidera, honako datuekin: izen-abizenak, kontakturako telefonoa edo e-posta eta lau lerroko testu labur bat, zer eta zein material erabiliz egiten duen lan azalduz.