Zortzi batzorde izango ditu Udalak, azken agintaldian baino bi gehiago

Uztarria.eus 2015ko uzt. 7a, 15:00
Atzoko udalbatzarreko irudia. (Eneritz Albizu)

Ekonomia batzordea zein Festak, gazteria eta hezkuntza batzordea erantsi dizkiete azken agintaldiko batzordeei. Horrez gain, Azpeitiko Udalari bost liberatu badagozkio ere, lau lanaldi izango dira liberatutakoak, 2011-2015 agintaldian baino 0,65 gehiago. 

Atzo, astelehena, egin zuten maiatzaren 24ko udal hauteskundeen osteko aurreneko ezohiko osoko bilkura udaletxean. Besteak beste, osoko bilkuren maiztasuna, batzorde informatiboen eraketa, bozeramaileak, udal erakundeen ordezkaritzak, liberatuak eta soldatak zein diru-sariak izan zituzten hizpide. Erabaki ia guztiak aho batez onartu zituzten EH Bilduk eta EAJk, baina liberatutako karguen izendatzearen bozkaketan abstenitu egin ziren jeltzaleak.

Aurreko legealdiko gisan, hileko lehen asteartetan egingo dituzte ohiko udalbatzarrak, eta astearte hori jaieguna izanez gero, aurreko edo hurrengo lanegunean egin erabakiko dute aurreko plenoan. Aurrerantzean, baina, 19:00etan izango dira udalbatzarrak. 

Bestalde, EH Bilduk eta EAJk zehaztu dituzte bozeramaileak ere. Koalizioaren bozeramailea Estitxu Elduaien izango da eta Aitor Gorrotxategi, berriz, jeltzaleena. Gobernu Batzordea ere osatu zuten atzoko bilkuran, eta sei kidek osatuko dute (4 kide EH Bildukoak izango dira eta 2 EAJkoak). Horrenbestez, Eneko Etxeberria alkateak (EH Bildu), Estitxu Elduaien alkateordeak (EH Bildu), Agustin Lizarraldek (EH Bildu), Aitor Gorrotxategik (EAJ) eta Itziar Lasak (EAJ) osatuko dute batzordea.

Bi batzorde gehiago

Bilduk Azpeitiko Udaleko agintea hartu eta urte eta erdira, 2012ko abenduan, batzorde kopurua hamabitik seira jaistea erabaki zuen. Hasi berri den agintaldian, berriz, bi gehiago izango dira: zortzi guztira. Ekonomia batzordea eratu dute, "Udal Gobernuaren lehentasuna hor kokatuta dagoelako", eta kultura, euskara eta parte-hartze batzordea ere osatu dute "herriak dinamika indartsua duelako arlo horretan".

Batzordeburu guztiak EH Bildukoak izango dira, eta batzorde bakoitza bost udal ordezkariz osatuta egongo da: EH Bilduko hiru kide eta EAJk bi. Dena den, batzorde guztiak irekiak izango dira herritarrentzat eta eragileentzat. Honakoek osatuko dituzte batzorde berriak:

  • Estrategia eta hirigintza: Eneko Etxeberria (EH Bildu) izango da batzordeburua. Batzordekideak: Aitor Bereziartua (EH Bildu), Iosu Labaka (EH Bildu), Aitor Gorrotxategi (EAJ) eta Itziar Lasa (EAJ).
  • Ogasuna eta langileria: Estitxu Elduaien (EH Bildu) izango da batzordeburua. Batzordekideak: Iosu Labaka (EH Bildu), Leire Goenaga (EH Bildu), Nerea Etxeberria (EAJ) eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).
  • Ekonomia: Agustin Lizarralde izango da batzordeburua. Batzordekideak: Eneko Etxeberria (EH Bildu), Estitxu Elduaien (EH bildu), Amaia Etxeberria (EAJ) eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).
  • Kultura, euskara eta parte-hartzea: Iosu Labaka izango da batzordeburua. Batzordekideak: Ainara Larrañaga (EH Bildu), Mikel Ibarzabal (EH Bildu), Rebeka Larrañaga (EAJ) eta (Aritz Azpiazu).
  • Festak, gazteria eta hezkuntza: Mikel Ibarzabal izango da batzordeburua. Batzordekideak: Ainara Larrañaga (EH Bildu), Leire Goenaga (EH Bildu), Amaia Etxeberria (EAJ) eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).
  • Gizarte beharrak eta parekidetasuna: Ainhoa Beristain izango da batzordeburua. Batzordekideak: Leire Etxaniz (EH Bildu), Estitxu Elduaien (EH Bildu), Xanti Gurrutxaga (EAJ) eta Rebeka Larrañaga (EAJ).
  • Kirolak: Estitxu Elduaien izango da batzordeburua. Batzordekideak: Agustin Lizarralde (EH Bildu), Mikel Ibarzabal (EH Bildu), Nerea Etxeberria (EAJ) eta Aritz Azpiazu (EH Bildu).
  • Barne antolaketa, ingurugiroa eta auzoak: Aitor Bereziartua izango da batzordeburua. Batzordekideak: Iosu Labaka (EH Bildu), Ainhoa Beristain (EH Bildu), Itziar Lasa (EAJ) eta Xanti Gurrutxaga (EAJ).

Udalak ordezkaritza duen erakundeak

Azpeitiko Udalak ordezkaritza duen erakundeetarako kideak ere zehaztu zituzten atzoko udalbatzarrean. Hala nola, Urola Erdiko Mankomunitatean, UEMAn, Euskara Patronatuan, Kirol Patronatuan, Azpeitia Lantzenen, Urola Erdiko Industrialdean, San Martin Egoitza Fundazioan, Ingurugiro Etxea Fundazioan, Urkome Elkartean, Iraurgi Lantzen Merkataritza Baltzuan, Gipuzkoako Ur Kontsortzioan eta Haurreskolen Patzuergoan du ordezkaritza Udalak.

  • Mankomunitatea: Eneko Etxeberria (EH Bildu), Aitor Bereziartua (EH Bildu) eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).
  • UEMA: Iosu Labaka (EH Bildu), Ainhoa Beristain (EH Bildu), Leire Goenaga (EH Bildu), Rebeka Larrañaga (EAJ) eta Aritz Azpiazu (EAJ).
  • Euskara Patronatua: Batzordeburua Iosu Labaka izango da. Batzordekideak, berriz, honakoak: Ainara Larrañaga (EH Bildu), Mikel Ibarzabal (EH Bildu), Rebeka Larrañaga (EAJ) eta Xanti Gurrutxaga (EAJ). Horiez gain, hainbat ordezkari izango ditu patronatuak: langileen ordezkaria, Azpeitiko euskara eragilea, Hizkuntza Normalizaziorako zuzendari teknikoa, euskaltegiaren zuzendaria eta idazkaria.
  • Kirol Patronatua: Batzordeburua Estitxu Elduaien izango da. Batzordekideak, berriz, hurrengoak: Agustin Lizarralde (EH Bildu) eta Nerea Etxeberria (EAJ). Horiez gain, hainbat ordezkari izango ditu patronatuak: langileen ordezkaria, kirol elkarteetako ordezkaria, eskoletako ordezkaria eta idazkaria.
  • Azpeitia Lantzen: Eneko Etxeberria (EH Bildu), Mikel Ibarzabal (EH Bildu), Aitor Bereziartua (EH Bildu), Itziar Lasa (EAJ) eta Iñaki Etxezarreta (EAJ).
  • Urola Erdiko Industrialdea S.A.: Agustin Lizarralde (EH Bildu).
  • San Martin Egoitza Fundazioa: Eneko Etxeberria (EH bildu).
  • Ingurugiro Etxea Fundazioa: Ainhoa Beristain (EH Bildu), Aitor Bereziartua (EH Bildu), Estitxu Elduaien (EH Bildu), Amaia Etxeberria (EAJ) eta Aritz Azpiazu (EAJ).
  • Urkome Elkartea: Ainhoa Beristain (EH Bildu).
  • Iraurgi Lantzen Merkataritza Baltzua: Eneko Etxeberria (EH Bildu) eta Agustin Lizarralde (EH Bildu).
  • Udalsarea 21: Ainhoa Beristain (EH Bildu).
  • Gipuzkoako Ur Kontsortzioa: Eneko Etxeberria (EH Bildu).
  • Haurtzaindegien Patzuergoa: Estitxu Elduaien (EH Bildu).

Horiez gain, Kontratazio Mahaia eratu zuten atzoko udalbatzarrean. Kontratazio Mahaiko burua Eneko Etxeberria (EH Bildu) izango da. Mahakideak, berriz, Aitor Bereziartua (EH Bildu), Estitxu Elduaien (EH Bildu) eta Itziar Lasa (EAJ) eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).

Liberatuak eta soldatak

Azpeitiko Udalari, herriak duen biztanle kopurua kontuan hartuta, bost liberatu dagozkio. 2011-2015 agintaldian 3,33 liberatu izan ziren Bilduren Udal Gobernuan, eta legealdi honetan lau lanaldi izango dira liberatuak. EH Bilduk egin zuen proposamena atzoko udalbatzarrean, "Azpeitia ekonomikoki, sozialki eta herri gisa indartzen jarraitzeko motorra Udalak izan behar duela" uste dutelako. "Azpeitiari eta azpeitiarrei ahalik eta zerbitzu eta gestio onena ematearen ardura dugu, horretarako aukeratu gaituzte, eta lan hori ondo egiteko baliabideak berrantolatu eta indartzea beharrezkoa ikusten dugu lau urte hauetan", azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak EH Bilduren izenean. Gainera, 3,33 liberatu izatetik 4 izatera dagoen aldea ekonomikoki 18.000 euro gehiago kostako dela azaldu zuen Etxeberriak.

Soldatak ezartzerakoan, liberatu bakoitzari mantendu egingo diote orain arte zuen soldata, hau da, lantokiko diru-kopuru bera jasoko dute. EH Bilduk proposatu eta koalizioko kideen aldeko botoekin ondorengo liberazioak eta soldatak izango dituzte udal ordezkariek:

  • Eneko Etxeberria: %90 liberatuta, 48.976,45 euroko soldata gordina urtean.
  • Estitxu Elduaien: %100 liberatuta, 33.000 euroko soldata gordina urtean.
  • Iosu Labaka: %75 liberatuta, 24.750 euroko soldata gordina urtean.
  • Mikel Ibarzabal: %50 liberatuta, 16.500 euroko soldata gordina urtean.
  • Aitor Bereziartua: %50 liberatuta, 29.500 euroko soldata gordina urtean.
  • Ainhoa Beristain: %35 liberatuta, 11.550 euroko soldata gordina urtean.

EAJk liberazioen eta soldaten bozkaketan abtentzioaren alde egin zuen, eta Aitor Gorrotxategik desadostasuna agertu zuen Eneko Etxeberria alkatea ez delako %100 liberatu: "Alkateak %100 egon behar du liberatuta, uste dugulako herri honek behar duela dedikazio esklusibodun alkatea. Kezkatu egiten nau kontuak". Bestalde "matematika eta borondate kontua" dela liberatuena adierazi zuen Gorrotxategi EAJren udal bozeramaileak: "Hamar zinegotzi zarete eta sei liberatu dituzue. Guk, berriz, zero. Ez naiz ehunekoak ateratzen hasiko, baina badirudi zuek bakarrik nahi duzuela gobernatzea eta guk horretan ez dugu zer eginik". Soldatei dagokionez, berriz, ez dutela balorazio "subjektibo eta objektiborik" egingo azaldu zuten jeltzaleek, eta aurreko agintaldian baino bi ordezkari gehiago dituztela "kontuan hartzea" nahi dutela adierazi: "Kontrol zehatza emango dugu, eta urtebeteko tartea behintzat emango dizuegu kobratzen duzuen hori zilegi den edo ez baloratzeko. Beraz, ez gara sartuko kobratutakoa asko den edo gutxi den esaten".

Eneko Etxeberriak erantzun egin zion Gorrotxategiri, %90 kobratzea eta %100 alkate izatea "desberdina" dela esanaz. "Gauza bat da %90 kobratzea eta bestea %100 alkate izatea. Nire konpromisoa da %100 alkate izatea. Hala izan naiz eta izango naiz etorkizunean ere", jakinarazi zuen Etxeberriak.

Diru-sariak

Udal ordezkariek, liberatuek izan ezik, diru-sariak jasotzen dituzte batzordeburu izateagatik, Gobernu Batzordera zein bestelako batzordeetara eta osoko bilkuretara joateagatik. Horrenbestez, batzordeburuek 175 euro jasoko dituzte hilero, batzordeburu izateagatik. Batzordeetako bilera bakoitzeko, 100 euro jasoko ditu batzordeburuak, eta 50 euro batzordekideek. Aldiz, udalbatzaren osoko bilkuretara eta Udal Gobernuaren batzarretara joateagatik 90 euro jasoko dituzte ordezkariek bilkura bakoitzeko. Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak "txalotu" egin zuen EH Bilduren proposamena, "egiten dugun lana ere kontuan hartu delako". Izan ere, aurreko agintaldian %35 jaitsi zituen ordainsari horiek Udal Gobernuak.