Irudien hizkuntzan azalduta

Urola Kostako Hitza 2015ko uzt. 3a, 18:19
Munoaundi herri harresitua, Lekuonaren irudian. (ENRIKE LEKUONA)

Munoaundiren inguruko jakintza zabaltzeko, panelak jarri dituzte, eta Enrike Lekuonak egin ditu marrazkiak. Urola Kostako Hitza-k egilearekin hitz egin du. "Denon proiektu komuna" behar luke izan ondarea zaintzea harentzat.

"Herri xeheak ez du aukera izan arkeologia ikasteko, historia ezagutzeko. Marrazki hauen bidez lor dezakegu herritarrak ulertzea zer garrantzia duen garai horrek guretzat, euskaldunentzat". Ezbairik gabe mintzatu da Enrike Lekuona marrazkilaria. Oso maitea du historia eta arkeologia, eta "plazer bat" izan da harentzat Munoaundiko historiaren inguruko panel berrietako irudiak egitea. Izan ere, Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bost panel jarri dituzte Munoaundin, Azpeitian eta Azkoitian, duela 2.500 urteko herri harresituaren historia aurkezteko eta bizilagunak Euskal Herriko Burdin Aroaren testuingurura eramateko.

Lekuona boluntario gisa aurkeztu zen panel horietako marrazkiak egiteko: "Pentsatzen nuen irudiek askoz errazago azal zitzaketela Munoaundiren historia eta gure arbasoen joan-etorriak". Marrazkilaria itsasontzien ingeniaria izan da 43 urtez, lan asko egin du planoekin eta marrazkiekin, eta oso argi du "hizkuntza bat" dela irudiena.

Lekuonaren arabera, herri baten historia, ondarea, "garrantzistuegia da gutxi batzuen eskuetan uzteko", beharrezkoa da hori transmititzea. Horretarako bidea marrazkiak izan daitezkeela uste du: "Bizitza osoa pasatu dut akuarelak egiten. Nire bezeroek ulertzen ez zutenean zer ontzi mota ari nintzen proposatzen, akuarela bat egiten nien: ontzia marrazten nien, itsaso zakarrarekin, eta segituan entenditzen zuten mamia".

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Urola Kostako Hitza-ren webgunean.