Ane Azpillaga: 'Itsasoko kontuak haurrekin lantzeko aukera dira piratak'

Gipuzkoako Hitza 2015ko uzt. 3a, 12:15

Euskal kortsarioak oinarri hartuta, euskara eta ingurumena lantzeko egitasmo pedagogikoan murgilduko da Ane Azpillaga uda honetan. Sei eguneko sei txanda antolatu dituzte aurten.

Bazkaltzera! Sukaldariak piraten menua prestatu du. Hasteko, dordoka purea urre hautsarekin, eta bigarrena, balea arrautza-irinetan pasatuta. Sei egunez, horren antzeko menuak jaten dituzte Pasai Donibaneko Udaleku Piratetan parte hartzen duten umeek. "Euskaldunok janariarekin konkistatzekoak omen garela diote, eta haurrei ere ikaragarri gustatzen zaie piraten menua. Egun batean, ume batek sukaldeko atea jo eta sukaldariari bere etxera sukaldatzera joateko eskatu zion".

Duela lau urte eta erdi hasi zen Ane Azpillaga (Azpeitia, 1989) Urtxintxa Eskolako begirale lanetan, eta egun Udaleku Piraten koordinatzailea da. "18 urte nituela hasi nintzen kontuotan murgiltzen. Herriko udalekuetan hasi nintzen begirale, Urtxintxa Eskolan euskara motibazio saioak ematen aritu nintzen gero eta, horrekin batera, Piraten Etxean begirale hastea eskaini zidaten".

Piraten Etxea Pasaian dago, Arrokaundieta aterpean, eta, euskal kortsarioak eta piratak oinarri hartuta, euskara eta ingurumena lantzeko egitasmo pedagogikoa da. "Euskal Herri guztiko haurrak udan elkartzeko lekua izango litzateke; norbere barruko pirata ateratzeko aukera ematen dugu, giro euskaldun batean harremanak izanda". Horretaz aparte, bizpahiru eguneko egonaldiak eskaintzen dituzte ikastetxeentzat ikasturte osoan; eta, asteburuetan, aterpea modu librean hartzeko aukera ematen diete aisialdi taldeei eta. "Gainerako haurrekin, hezitzaileekin, nahiz ingurune naturalarekin harreman osasuntsuak edukitzeko aukera ematen saiatzen gara".

Erreportajea osorik, Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.