Altafulla eta Ebroren delta ezagutzeko bidaia egingo dute jubilatuek irailean

Uztarria.eus 2015ko uzt. 2a, 18:29

14tik 20ra izango da. Azpeitiko eta Zestoako jubilatuen elkarteek antolatu dute irteera hori bazkideentzat, baina bazkide ez direnek ere parte har dezakete. Azpeitiarrek Baigeran eman behar dute izena, uztailaren 6tik aurrera.

Irailerako zazpi eguneko bidaia antolatzen ari dira Azpeitiko eta Zestoako jubilatuen elkarteak. Irailaren 14tik 20ra, Katalunia aldean ibiliko dira, besteak beste Altafulla eta Ebroren delta bisitatuz.

Bi elkarteetako bazkideei zuzendutako irteera da, baina bazkide ez direnek ere badute parte hartzeko aukera. Azpeitiarrek Baigeran eman behar dute izena eta horretarako epea datorren astelehenean, uztailak 6, zabalduko da. Beti bezala, interesa dutenek bulego orduetan joan behar dute Baigeraren egoitzara, 10:30etik 12:30era. Santioak baino lehen eman beharko da izena, abuztuan Baigera itxira egongo baita.