Igandean hasiko da Azpeitia Dantzan egitasmoa

Uztarria.eus 2015ko uzt. 1a, 14:48
Jose Mari Orbegozo omenduko dute hilaren 12an, Soreasun.

Igande honetan, uztailak 5, hasi eta uztailaren 18an bitartean dantza emanaldi ezberdinak ikusteko aukera izango da herrian. Igande honetan bi emanaldi izango dira 20:00etan hasita, Soreasu antzokian. Lehenengo Txo! Esan zer nahi duzun ikusi ahal izango da, eta ondoren, berriz, Sahatsaren Lesaka Zeharka.

Igandean, uztailak 5, hasiko da Udalak antolatutako Azpeitia Dantzan egitasmoa. Uztailean ez da dantzarik faltako herrian, eta hilaren 18a bitartean estilo ezberdinetako hainbat dantza emanaldi izango dira. Igande honetan hasiko dira emanaldiak Txo! Esan zer nahi duzun dantza garaikide ikuskizunarekin. Soreasu antzokian izango da, 20:00etan hasita. Gizakien arteko harremanen gaineko lana da, "zuzenean garatzen dena eta espazioa erabiliz ikus-entzulearekin aurrez aurre jartzea lortzen duena", protagonisten arabera. 20:30ean, berriz, Sahatsa taldea igoko da oholtzara, Lesaka Zeharka ikuskizunarekin. 

Uztailaren 12an, saloiko dantzen txanda izango da eta Jose Mari Orbegozoren taldeak eskainiko du emanaldia, Soreasu antzokian, 20:00etatik aurrera. Horrez gain, Udalak Orbegozo omenduko du aurten, egindako lana errekonozitu asmoz. Izan ere, Pasodobleko Europako Txapelketa irabazteaz gain, salsa modalitateko azpitxapelduna izan da eta cha-cha-cha, vals, tangoa eta pasodoblea nahasten diren modalitatean hirugarren postuan eskuratu du. Horrez gain, Azpeitian saloiko dantzak erakutsi eta sustatzeko "egin duen lan ixila" aitortu nahi dio Udalak.

Itsasi taldearen Zaraitzutik Erriberara ikuskizunak emango dio amaiera Azpeitia Dantzan egistasmoari, uztailaren 18an. Emanaldia 22:00etan hasiko da Soreasu antzokian. Bertan, Nafarroako herri ezberdinetako dantzak izango dira ikusgai. Luzaideko polkak eta Ingurutxo ezagunak taularatzeaz gain, Nafarroako beste hainbat herritako eta hain ezagunak ez diren dantzak ere jasoko dituzte Itsasiko dantzariek, Urdiaingo Xoxotxo edota Kortes-eko dantzak, besteak beste.