Gaurtik aurrera udako ordutegia izango du Burdinbidearen Euskal Museoak

Uztarria.eus 2015ko uzt. 1a, 13:40

Uztailean eta abuztuan ordutegi berezia izango du Trenaren Museoak. Astelehenetan itxita egongo da eta trenen erakusketak nahiz lurrun trenean bidaiak egiteko ordutegiak aldatu egingo dituzte gaurtik aurrera. 

Gaurtik, uztailak 1, aurrera eta irailera arte, udako ordutegia izango du Burdinbidearen Euskal Museoak. Astelehenetan itxita egongo da eta asteartetik igandera arte izango da zabalik. Uztailean nahiz abuztuan, trenen erakusketa asteartetik larunbatera bitartean irekiko dute, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Igande eta jai egunetan, aldiz, 10:30etik 14:00etara. 

Uda sasoian lurrun trenean bidaiak egiteko ordutegia ere aldatu egin dute. Uztailean, larunbatetan 12:30ean eta 18:00etan egingo dira bidaiak eta igande eta jaiegunetan, joan-etorri bakarra egingo du lurrun trenak, 12:30ean. Uztailaren 18an eta 19an, ordea, ordutegi bereziak izango ditu. Uztailaren 18an, lau joan-etorri egingo ditu lurrun trenak: 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 18:00etan. Uztailaren 19an, aldiz, 12:00etan eta 13:00etan.

Abuztuko larunbatetan, berriz, bi bidaia egingo ditu, 12:30ean eta 18:00etan. Igande eta jai egunetan, bidaia bakarra egingo du 12:30ean. Bestalde, tren dieselak ere bidaiak egingo ditu asteartetik ostiralera, 12:30ean eta 18:00etan.