Daniel Murgiondo: "Finalera iristea sorpresa handia izan da guretzat"

Urola Kostako Hitza 2015ko uzt. 1a, 12:13

Astigarraga mendean hartu ostean, Tolosaren aurka jokatuko dute Azpeitiko pilotariek eskuzko Herriarteko finala. Igandean da hitzordua, 10:00etan, Atano III.a pilotalekuan. Entrenamenduaren aurretik harrapatu du Urola Kostako Hitza-k Daniel Murgiondo (Azpeitia, 1991), Herriartekoan Azpeitia ordezkatzen duen senior bikoteko atzelaria. Atzo aukeratu zituzten pilotak Donostian, eta Atano III.a probatu zuten, finaleko pilotalekua.

Igandeko norgehiagokari begira, zer moduz sentitzen zarete?

Itxaropena badugu, beti mantendu behar da hori. Hala ere, besteak ere finalera iritsi dira, eta zerbaitengatik izango da. Aurkariak nahiko onak dira, eta jubenilena omen da haien bikote sendoena. Ikusi egin behar da. Izan ere, finalean dena izaten da desberdina: tentsioa, giroa, jokoa...

Ezagutzen al dituzue tolosarrak?

Seniorrak ezagutzen ditut, baina gazteak ez ditut ikusi oraindik. Zaharretako aurrelaria, adibidez, badakit pilotari polita dela, arriskutsua.

Igandean Astigarragan eginiko lanaz zer balorazio egin duzue?

Beldurrez joan ginen, hemen oso lan ona egin baitzuten. Lehen partida oso gogorra izango zela uste genuen, eta halaxe izan zen: atzetik ere joan ziren azpeitiarrak. Gero, buelta eman zioten norgehiagokari, eta lan ona egin zuten. Jubeniletan, Azpeitian ikusi genuenaren antzeko zerbait gertatu zen. Bestalde, guk ere ondo hasi genuen partida, baina gero estuasuna pasatu genuen. Uste genuen partida hemen baino zailagoa izango zela; izan ere, gure aburuz, Azpeitian ez zuten saio ona egin astigarragarrek. Ondo hasi ginen, baina gero nekatu egin nintzen neu. Dena dela, bata eta bestea, gogortu egin zitzaigun partida.

Behar zenituzten hamabost tantoak egitean erlaxatu egin al zineten?

Izan daiteke. Tentsioa pixka bat jaitsi zen, agian; baina argi geneukan irabazi egin behar genuela. Gure helburua ez zen, behintzat, hamabost tanto egitea, irabaztea baizik.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Hemen, Beasainen aurka final laurdenetako itzulerako partida jokatu aurretik Larrañagari eta Murgiondori Uztarria.eus-ek egindako elkarrizketaren bideoa.