Gerra Zibileko granada bat aurkitu dute Foru Ibilbideko 7. zenbakiko etxe bateko ganbaran. Ertzaintzak Uztarriari jakinarazi dionez, ganbara pintatzen ari ziren langileek aurkitu dute granada, eta kaxa bat ere atzeman dute. Ertzaintzak adierazi duenez, kaxa horretan ez zegoen ezer arriskutsurik, baina gasaren aurkako maskara bat aurkitu dute bertan.
Zazpigarren zenbakiko etxebizitzak hustu dituzte segurtasun neurriak tarteko, eta bizilagunek ezin izan dute ordu batzuetan euren etxeetara sartu. Ertzaintzaren artezilariak iritsi eta azterketak egin ostean, 14:00ak aldean, itzuli dira bizilagunak euren etxeetara. Granada hutsa zegoen, eta Poloniatik ekarritakoa da. Aldiz, gasaren aurkako maskara Alemaniakoa da. Ertzaintzak hartu ditu aurkitutako granada eta kaxa, sakon aztertzeko.