Euskal Herriko Eskolarteko bertso finalean izango da Iñigo Ibañez

Uztarria.eus 2015ko eka. 25a, 12:37

Zapatuan, Orioko pilotalekuan ariko da txapela lortzeko lehian, 11:00etan hasita. Aurten 112 gaztek hartu dute parte txapelketan eta 9 soilik iritsi dira finalera. Iñigo Ibañez azpeitiarra da, tartean. 

Zapatuan, ekainak 27, jokatuko dute XXVII. Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketa Orioko pilotalekuan eta bertan izango da Iñigo Ibañez, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko azpeitiar bertsolaria. 11:00etan hasiko da txapelketa eta zortzi bertsolariren aurka aritu beharko du azpeitiarrak. Aurten, guztira, 15 eta 18 urte bitarteko 112 gazte aurkeztu dira Eskolarteko Txapelketara eta herrialde bakoitzean saioak egin ostean, bederatzi bertsolarik jokatuko dute finala. Apirilean jokatu zuten Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketa eta Iñigo Ibañezek irabazi zuen.

Iñigo Ibañezek eskolarteko txapelketako finalean parte hartuko duen bigarren urtea da aurtengoa. Urola Kostako Hitza-k azpeitiarrarekin hitz egin du eta aitortu du aurreko urtea parte hartze zuen lehen aldia izanik "gehiago prestatu" zela. "Ez nekien zer zen, eta lan txukuna egin nahi nuenez gehiago entrenatu nuen. Aurten, berriz, lasaiago nago bai baitakit nolakoa izango den lehiaketa, eta ez dut horrenbeste estutu neure burua", azaldu du. Horrez gain, gainontzeko bertsolariak ezagutzen baditu ere "faborito nabarmenik" ikusten ez duela esan du eta azpimarratu du "irabaztera" joango dela finalera. 

Eskolarteko Txapelketaren finalaren ostean, festak jarraituko du Orion, egun osorako egitaraua prestatu baitute bertsoen bueltan. Eguardian bazkaria egingo dute eta ondoren, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina arituko dira bertsotan. Bi Bala eta Keshala taldeen kontzertuak ere izango da.