Ibilaldi ezberdinak antolatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak datozen asteetarako

Uztarria.eus 2015ko eka. 23a, 14:27
Pikos de Europara irteera uztailaren 18an eta 19an egingo dute.

Datorren astebururako Vignemalera itzulia antolatu dute eta osteguna, ekainak 25, izango da izena emateko azken eguna. Hurrengo asteetarako ere antolatu dituzte irteerak, Sonsierrara eta Pikos de Europara, hain zuzen.

Hiru ibilaldi antolatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak datozen asteetarako. Vignemalera, Sonsierrara nahiz Pikos de Europara egingo dituzte irteerak.

Vignemale irteera

Datorren asteburuarako, ekainak 27 eta 28, Vignemalera ibilaldia antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak. Larunbatean Bujaruelotik Oulletes de Gaubera joango dira eta igandean, aldiz, Oulletes de Gaubetik Bujaruelora itzuliko dira. Itzulia egiteko ezinbestekoa da federatuta egotea eta pioletak eta granpoiak beharrezkoak dira. Izena emateko azken eguna ekainaren 25a, osteguna, izango da, eta www.lagunonakmg.org webgunean edo mendizaleen tabernan egin behar da inskripzioa. Bazkideek 60 euro ordaindu beharko dituzte, langabetuek eta ikasleek 50 euro eta gainontzekoek 70 euro. Zenbateko hori ordaindute afaria, logela eta gosaria eskuratuko dituzte bertaratzen direnek. 

Sonsierrara ibilaldia

Gaztetxoentzat eta helduentzat Sonsierra inguruak ezagutzeko ibilaldia antolatu du Lagun Onakek uztailaren 5erako, Nabarralde eta Zestoako Agiro Mendi Elkartearekin batera. San Vicente de la Sonsierratik Bastidara izango da ibilaldia (5 kilometro). Bastidan bi aukera izango dituzte ibilaldira joaten direnek: upategia bisitatu edo pistinara joan. Pistinara joaten direnek txokolatada ere izango dute.

Uztailaren 5ean 08:15ean irtengo da autobusa plaza atzetik. Zestoatik, aldiz, 08:00etan irtengo da. Izena emateko azken eguna uztailaren 2a izango da, eta www.lagunonakmg.org webgunean zein mendizaleen tabernan eman ahal izango da izena. Lagun Onak Mendi Bazkunako bazkideek lau euro ordaindu beharko dituzte. Gainonerakoek, aldiz, sei euro.

Pikos de Europara 

Uztailaren 18an eta 19an egingo dute Pikos de Europara irteera. Ibilaldia Santa Marina de Valdeonen hasiko dute eta Jermosoko aterpetxean bukatuko dute ibilbidearen bost orduko lehen zatia. Bigarren zatia, berriz, Jermosoko aterpetxean hasiko da eta Cordiñanesen bukatu. 4 orduko itzulia izango da, gutxi gorabehera, ibilbidearen bigarren zatia. Federatua izatea beharrezkoa da eta granpoiak eta pioletak eraman behar dira. Izena emateko azken eguna uztailaren 13a izango da eta www.lagunonakmg.org webgunean edo mendizaleen tabernan egin beharko da izen-ematea. Bazkideek 60 euro ordaindu beharko dituzte, autobusa eta aterpetxeko pentsio erdiaren truke. Ikasle eta langabetuek 50 euro oraindu beharko dituzte eta gainerakoek, berriz, 70 euro.