Orkatz ez ixteko eskatu dute ehunka herritarrek

Uztarria.eus 2015ko eka. 20a, 22:54

"Orkatz libre" nahi dutela adierazteko manifestazioa egin dute ehunka lagunek gaur, zapatua, Herriko Tabernen auziaren epaiari erantzunez.

19:00etan abiatu da manifestazioa plazatik Konpromisoari erasorik ez. Aski da! Orkatz libre! lelopean. Perez Arregi plazan eman diote amaiera mobilizazioari eta Orkatzeko ordezkariek eta manifestazioaren deitzaileek hartu dute hitza. Eskerrak eman dizkiete elkartasuna adierazteko atxikimendua eman duten herritarrei eta atxikimendua eman duten hainbat eragile eta talde aipatu dituzte. Horrez gain, adierazi dute "Orkatzen aurkako erasoa konponbidearen eta bakearen aurkako erasoa" dela eta azpimarratu dute herritarrengandik jasotako babesa "ahaztezina" izan dela.

Bestalde, gogorarazi dute "guzti honekin gauzak nahastu" nahi dituztela eta ez dela "kasualitatea” Gure Esku Dagoren ekitaldiaren bezperetan halako erasoa jasotzea. Horren aurrean "burua hotz eta bihotza bero izan beharra" dagoela azpimarraztu dute. Horrez gain, Orkatz ixtearen aginduari "modu baketsu eta desobedientean" erantzungo zaiola jakinarazi dute. 

Orkatzeko 22.urteurrenaren harira hurrengo asterako prestatutako egitarauarekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi dute eta dei egin diete herritarrei antolatutako ekintzetan parte har dezaten.