Fideo de Miletoren urtebetetze festa

Uztarria.eus 2015ko eka. 19a, 18:41
Roberto Etxeberria eta Patxi Olaizola Fideoko barraren atzean, Elegante egun batean. (ROBERTO ETXEBERRIA)

35 urte bete ditu Goiko kaleko taberna ezagunak eta, urteurrena ospatzeko, gaur eta bihar kontzertuak izango dira bertan.

"'Fideo de Mileto'? Zer izen duk hori?". Horrela galdetzen zieten batek baino gehiagok Roberto Etxeberriari eta Meliton Santestebani, Goiko kalean pub-a ireki berritan. XX. mende erdialdean sortu eta oso ezaguna izan zen El Jabato espainiar komikiaren pertsonaietako bat zen Fideo de Mileto, eta haren izena hartu zuten ostalari berriek. Izena, eta irudia ere bai, pertsonaia eta komikia oinarri hartuta girotu baitzuten lokalaren dekorazioa ere. 1980ko ekainean ireki zituen ateak pub-ak, aurrez Antonenekoa eta Erlo tabernak egondako tokian. Eta 35 urte eta bezero andana bertatik igaro ondoren, urteurren hori ospatzeko prest dira asteburu honetan.

35 urteotan gauza asko aldatu dira. Santestebanek taberna ireki eta bi urtera utzi zuen, eta Etxeberriak jarraitu zuen negozioarekin. Tabernan beraren itxurak ere izan ditu aldaketak; besteak beste, hasieran sukaldea zuten, eta barra motzagoa. Azpeitiko gazteen joerek ere gorabehera bat baino gehiago ezagutu dute. Etxeberriak gogoratzen duen bezala, "gu hasi ginen garaian ostegun eta ostiraletan askoz jende gehiago ibiltzen zen Azpeitiko tabernetan, asteburuetan baino. Orduko gazteak kanpora ateratzen ziren zapatu eta igandeetan, Zarautzera, diskoteketara...". Fideo izan zen Azpeitian ireki zen aurreneko pub-etakoa, ordura arteko betiko tabernen estiloarekin apurtzen zutenetakoa: "Aurrena Etxe Zuri izan zen; 1980ko urtarrilean ireki zuten, eta guk urte hartako ekainean. Handik urte eta erdira edo, Chalie Chaplin ireki zuten. Fideon bezero gazteagoak elkartzen ziren, eta Etxe Zurin helduagoak". 1980ko hamarkada bukaeratik aurrera eta urte luzez, aldiz, Azpeitia bertako zein inguruko herrietako gazteen asteburueroko topaleku bihurtu zen. Eta azken urteetan, beherakada etorri da. "Azkoitian bizpahiru taberna berri ireki dituzte, ordutegi aldetik ere kafe-antzoki modura funtzionatzen dute batzuk... Bestetik, oraingo gazteek auzo eta herrietako festetara joateko ohitura ere berreskuratu dute", dio Fideoren nagusiak. Kontsumitzeko erak dira aldatu diren besteak: "Lehenbiziko urteetan jendeak txanpaneoa egiteko ohitura zeukan: ireki genueneko uda hartan 225 txanpain kaxa saldu genituen, hamabi botilako kaxak. Orduan oporretara irteteko hainbesteko ohiturarik ez zegoen eta herrian gastatzen zuen jendeak". Garagardoa izan da nagusi harrezkero, baina gaur egun gazteek "konbinatuak" gehiago kontsumitzen dituzte, "baina bat lauren artean eta horrela, txupito edalontzietan banatuta".

Hainbeste ez edo oso gutxi aldatu diren gauzak ere badira, Fideok Azpeitiko gau-giroaren erreferentzia izaten segitzen duela ahaztu gabe. Zerbitzari asko pasatu dira Fideotik ireki zenetik hona; besteak beste, gero Pikua hartuko zuen Lorentxo Etxaniz zena ekarri du gogora Etxeberriak, "15-16 urterekin hasi zen gurekin". Denbora gehien daraman langilea, berriz, Patxi Olaizola da. 29 urte daramatza Fideoko barraren atzean eta bezero belaunaldi eta klase guztiekin izan du hartu-emana. Azken urteetan zapatu gauetan Fideon oso jende gaztea ibiltzen dela-eta, "ostiraletako eta zapatuetako giroak oso ezberdinak" direla nabarmendu du Olaizolak: "Ostiraletan jende helduagoa ibiltzen da, soziedadeetakoa, afaldu eta gero etortzen dena. Zapatuetan, berriz, ordubata aldera arte gaztetxoak izaten dira nagusi. Ordu horretatik aurrera jada denetarik ibiltzen da". Olaizolari elkarrizketa egin zion Uztarriak, aldizkariaren 2013ko uztaileko zenbakian.

Aurreneko ospakizuna

Urteurren seinalatuak pasatu ditu Fideo de Miletok, baina 35. honetara arte ez dute inoiz ospakizun berezirik antolatu. "Hala da. Ez dakit zergatik, baina beste urteurrenak ez ditugu ospatu izan", dio Roberto Etxeberriak.

Gaur eta bihar, ordea, ez-ohiko giroaz gozatzeko parada izango da Goiko kaleko tabernan, 35. urteurrenaren karira. Gaur, ekainak 19, Howdy taldearekin country erako musika izango dute; eta zapatuan, ekainak 20, rockabilly-a Transistores taldearekin. "Zapatuan gazte jende gehiena Urrestillara joango dela pentsatuta, beteranoagoentzako kontzertua jarri dugu egun horretarako", dio nagusiak. Bi kontzertuak 23:30ean hasiko dira.

Aurreneko urteetan Gelatxorekin-eta emanaldiak antolatzen bazituzten ere, Fideo ez da izan zuzeneko musika eman izan duen taberna. Orain, ordea, hasita daude DJ-en emanaldiekin eta. "Lehen ezer egin beharrik ez zenuen jendea erakartzeko, berez ibiltzen zen. Orain gantxoak jarri behar", dio Patxi Olaizolak.

Fideok beste 35 urte beteko al dituen galdetuta, irribarre egin dute Etxeberriak eta Olaizolak. "Fideok igoal bai, baina guk ez!", dio zerbitzariak.