Irune Agirregabiria: "Gizartean eragiteko, lan asko egin daiteke eskolan ere"

Gipuzkoako Hitza 2015ko eka. 19a, 12:25
Irune Agirregabiria, Biziloreko kidea.

Duela hiru urte, guraso eta hezitzaile batzuk biltzen hasi ziren Azpeitian, hezkuntzaren inguruan hausnartzeko beharra ikusten zutelako. Orduan, Bizilore hezkuntza elkartea sortu zuten, eta, handik abiatuta, hezkuntza eredu alternatibo bat martxan jartzeko pausoa eman dute Azkoitian; lehen ikasturtea egin berri dute. Proiektu integral bat osatua dute, eta, hori ezagutarazteko asmoarekin, hainbat ekintza antolatzen hasita daude Azkoitian eta inguruko herrietan. Esaterako, gaurko, Bizilore bertso saioa dute Azpeitiko Soreasu antzokian, 22:00etan. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Uxue Alberdi eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan, eta Ainhoa Aranburu arituko da gai-jartzaile.

Irune Agirregabiria (Deba, 1978) Bizilore elkarteko kidea da, eta martxan duten eskola libreko gurasoa. Gaur egun, Azkoitian duten eskolan, 3-6 urte artekoen unitatea dute martxan, zazpi haurrekin: bi itziartarrak eta gainontzekoak azkoitiarrak.

Hezkuntza eredu alternatibo bat martxan jartzeko proiektua egin, eta eskola librea sortu duzue. Zergatik?

Uste dugulako aldaketa batzuk behar dituela oraingo hezkuntza sistemak. Guraso moduan, bizitza erritmoaren errespetuzko ikuspegi batetik bizi izan dugu haurdunalditik 3 urtera arteko prozesu hori; umeen erritmo bitalak-eta errespetatuz. Horrez gain, umeen konpetentzietan sinesten dugu, eta haien berezko nortasun hori bultzatu nahi dugu, askatasuna, autonomia eta ardura landuz. Oro har, gizarte eraldaketan eta berrikuntzan akuilu izan nahi du gure proiektuak. Eskola ere gizartea aldatzeko giltza izan daiteke; gizartean eragiteko lan asko egin daiteke eskolan ere.

Lehen ikasturtea egin duzue 3-6 urte arteko unitatea martxan jarrita. Zein da zuen planteamendua?

Gure proiektuak 3 urtetik 12 urtera arteko eskola bat jasotzen du; adin bakoitzeko bost ume, eta 45 haurreko ikastetxea. Herrian bezalaxe, euskara da eskolako eguneroko hizkuntza nagusia. 3-6 urte artekoekin hasi dugu ikasturtea, orain-oraingoz ditugun guneak eta baliabideek horretarako ematen digutelako. Oraindik ofizialki ere ez da eskola, baina gure helburua da eskola ofizial homologatu bat izatea.

Eta, pedagogikoki?

Pedagogiko ere, gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinesten dugu. Uste dugu haurra ez dela informazioa transmititu behar zaion elementu bat. Ikuspegi horri erabat buelta ematea da gure asmoa: sinestea haur horrek badaukala gaitasun bat, eta hori bidelagundu egin behar dugula. Umearen askatasuna errespetatuz, eta berari aukeratzeko bidea eginez: zer tailerretan parte hartu nahi duen, une bakoitzean zer materialekin jardun nahi duen, zer hezkuntza prozesu eramango duen...

Elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.