'Elkarrekin Eraikitzen' proiektuaren baitan landutakoak plazaratu dituzte ikasleek

Uztarria.eus 2015ko eka. 18a, 15:19

Ikasleek ekintzailetasunaren balioak barneratzea eta bailarako egoera sozioekonomikoa hobeto ezagutzea du helburu 'Elkarrekin Eraikitzen' proiektuak. Iraurgi Berritzenek iaz jarri zuen martxan egitasmoa eta herriko ikastetxeetan proiektua lantzen aritu dira aurten ere. Gaur, osteguna, ikasturtean egindakoa azaldu eta balorazioa egin dute, udaletxean. 

Aurtengo edizioaren ebaluazioa egin eta parte-hartze datuak aipatu dituzte Iraurgi Berritzeneko kideek. Horrez gain, parte hartu duten ikastetxeetako ikasleek proiektua gauzatzerakoan bizitako esperimentuak nahiz egindako hausnarketak aurkeztu dituzte eta egitasmoan parte hartu duten eragile ezberdinek osatutako mahai-ingurua ere egin dute ekitaldia bukatzeko. Urteko balorazio ekitaldian parte hartu dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeako, Urola Ikastolako eta Azkoitiako Floreaga Salestar Ikastetxeako nahiz Xabier Munibe Azkoitiko Ikastolako ikasle eta irakasleek. Proiektua lantzen aritu diren udaletako eta enpresetako ordezkariek ere bertan izan dira. 

Aurten, proiektua bi fasetan egituratu dela adierazi dute 'Elkarrekin Eraikitzen' egitasmoaren sustatzaileek. Horiek azaldu dutenez, "lehen fasean eskualdeko ikastetxeetako irakasleekin elkarlanean eta ikasleek aplikatu dituzten metodologia berritzaileak esperimentatuz eta ondoren, ikastetxe bakoitzak bere neurrira egokitzen den proiektu bat egituratuz". Bigarrengo fasean, aldiz, egitasmoa "ikasleak talde txikietan bilduta, irakasleek planifikatutako prozesuen bitartez", egin dutela azaldu dute Elkarrekin Eraikitzen-eko ordezkariek. Horrez gain, bigarren fase horretan, Iraurgi Berritzenek proposatutako zortzi kasu errealen inguruan egindako hausnarketak eta lanketak aurkeztu dituzte ikasleek.

Egitasmoan parte hartu dutenek azaldu dute "modu positiboan" baloratzen dutela Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren bigarren edizioa. Horrez gain, adierazi dute parte-hartze datuei begiratuz gero, "arrakastatsua" izan dela edizioa. Izan ere, 15 irakasle eta 250 ikasle inguruk eta 40 eragilek hartu dute parte egitasmoan.