Gorputza eta norberaren mugimenduak ezagutzeko ikastaroa antolatu du Parekidetasun Sailak

Uztarria.eus 2015ko eka. 18a, 13:41

Ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean izango dira saioak, 16:00etatik 19:00etara. Izena eman daiteke ekainaren 27ra bitartean, Emakumeen Txokoan nahiz Udaleko Parekidetasun Sailean. 

Zirkoa eta Gorputz Adierazpena tailerra antolatu du Parekidetasun Sailak, Udako Emakumeentzako Jabetze Eskolen baitan. Ikastaroetan "gorputza eta mugimenduak ezagutzeko aukera" izango da, Emakumeen Txokoko arduradunek azaldu dutenez. Horretarako, zirkotik datozen elementuak lantzeaz gain, koloreetan, naturako elementuetan eta objetuetan "inspiratuko" dira ikastaroa aurrera eramateko. Banakako, binakako nahiz taldekako dinamikak erabiliz egingo dituzte saioak eta antolatzaileek esan dutenez "espazioaren kontzientzia, oreka, kontzentrazioa, irudimena nahiz konfidantza" landuko dituzte. Gaineratu dute, "norberak bere helburuak markatuko" dituela, eta irakasleak prozesu horretan "bidelagun" izango direla. 

Saioak ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean izango dira, astelehenetik ostiralera, eta ekainaren 27ra arte dago izena emateko aukera: goizez Udaleko Parekidetasun sailean eta arratsaldean Emakumeen Txokoan. Guztira, 12 orduko iraupena izango du ikastaroak eta saioak egunero izango dira, 16:00etatik 19:00etara. Langileak 18 euro ordaindu beharko dute ikastaroa eta langabetuek eta ikasleek, berriz, 12 euro.