1.400 atxikimendutik gora Azpeitian, erabakitzeko eskubidearen alde

Uztarria.eus 2015ko eka. 17a, 14:35
Oihal katearen mapa.

Herriko 50 danborjole inguruk, 25 musikarik eta dantzari talde batek hartuko dute parte Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen alde antolatu duen ekitaldian. Oraindik Anoetarako ekitaldirako sarrerak erosi daitezke, Azpeitiko Gure Esku Dagoren lokalean.

1.400 atxikimendutik gora bildu ditu Azpeitiko Gure Esku Dagok, igandean, ekainak 21, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak Euskal Herriko bost hiriburuetan antolatu dituen ekitaldietarako. 

Horrez gain, herriko 50 danborjole inguruk, 25 musikarik eta dantzari talde batek parte hartuko dute Donostiako Anoeta futbol zelaian egingo den ekitaldian. Boluntario lanetarako 90 pertsonak eman dute izena, horietatik 60k txandetarako eta 30ek bestelako lanetarako. Azpeitian 500 sarrera zeuden salgai Anoetan egingo den ekitaldirako, eta jada guztiak saldu direnez, beste 300 sarrera jarri dituzte eskuragarri. Beraz, oraindik sarrera eskuratu nahi duenak Azpeitiko Gure Esku Dagok Foru Ibilbideko 7. zenbakian duen lokalean erosi ahal izango ditu. Lokala zabalik egongo da goizez eta arratsaldez, larunbatera bitartean, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era.

Sarrerez gain, kamisetak erosteko eta boluntario lanetan aritzeko izena emateko aukera ere izango da. Bestalde, ohialak etxeetan dituztenei, ahalik eta azkarren, Gure Esku Dagoren lokalera eramateko eskatu diete dinamikako kideek.

Garraio zerbitzua indartuta

Donostian iganderako antolatu dituzten egitasmoetara nahiz Anoetako ekitaldira joateko garraio zerbitzua indartu dute. Lurraldebusek igandeetan dituen ohiko zerbitzuak eskainiko ditu. Hala ere, ohiko zerbitzuez gain, beste bi autobus jarriko dituzte Azkoitia eta Donostia artean: 10:05ean Donostiara joateko (9:55ean aterako da Azkoititik) eta bestea 22:20an Donostiatik itzultzeko. Zumaiatik Donostiara joateko, D-Bus eta Renfeko zerbitzuak ere indartuko dituzte. 

Danborjoleen azken entsegua

Ekitaldian parte hartuko duten herriko danborjoleen azken entsegua gaur, asteazkena, gauean izango da, 21:00etan Izarraitz Pilotalekuan. 

Hemen, Gipuzkoako Gure Esku Dagok iganderako antolatu duen egitaraua:  

12:00etatik 12:30era ohial katea Urumeako sei zubietan. 

Ondoren, zubietatik kalejira egingo da Anoetara futbol zelairaino, musikaz lagunduta. Zurriolako zubian elkartuko dira txistulariak, Santa Katalinan elektrotxarangak, Maria Kristinan trikitilariak, Mundaizen batukadak, Agirre Lehendakarian txarangak eta Realaren zubian dultzaineroak eta gaiteroak.

16:30ean Anoetako ateak zabalduko dituzte.

17:30ean ekitaldi nagusia Anoetan. Besteak beste, Su ta Gar, Glaukoma, Ze Esatek eta Skaiketan taldeek hartuko dute parte.

Gainerako egitaraua guneka banatu dute:

  • Alde Zaharra

12:30etik aurrera kaskarinak eta txistulariak izango dira Alde Zaharrean. Bulebarrean, berriz, herri dantzariak.

  • Anoeta ingurua

11:00etan Anoeta inguruko gunea zabalduko dute. Besteak beste, sagardoa, txekor errea, taloak, kaxuelitak... dastatu ahal izango dira.

20:00etan erromeria.

  • Miniestadio ingurua

Jan-edanerako aukera izango da, eta 11:30etik 00:00etara kontzertu maratoiaz gozatu ahal izango da, talde hauekin: Lain, Rat-Zinger, Eratu, Arkada Sozial, Tajon Prieto y Los Kuajalotes eta Stepi Selektah Reggae Dancehall (Bad Sound System).

  • Ilunbe (familia gunea)

Puzgarriak, tailerrak, abentura parkea, tirolina, apar-festa... izango dira.

12:30ean Ilunbe izarrez argitu ikuskizuna. Irrien lagunak, Gipuzkoako pailazoak, suhiltzaileak, 'Gu ta gutarrak'... izango dira bertan.

14:00etan irri bazkaria.

15:30ean dantzaldia, txantxarien eta Irrien Lagunen eskutik.