Aldaketaren lehen erroak

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 17a, 13:34
Erik Aznal eta Anartz Izagirre azpeitiarrak, 'Erroak' dokumentalaren egileetako bi. (Eneritz Albizu Lizaso/Hitza)

Erroak; komunitatearen lubakitik dokumentala egin dute Txilen Erik Aznal eta Anartz Izagirre Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek. Bihar, osteguna, estreinatuko dute Soreasu antzokian.

Hezkuntza da gizartearen oinarria, erroa. Baliabide bat da herritarrak bizitzan errotzeko, sustraiak botatzeko, hazteko eta hezteko. Horretaz jakitun, Euskal Herritik urrun dagoen hezkuntza eredu batean murgildu dira Erik Aznal eta Anartz Izagirre Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle azpeitiarrak, Nerea Gurrutxaga eta Hasier Larrea kideekin. Txileko hezkuntza komunitarioari buruz, Erroak; komunitatearen lubakitik dokumentala egin du laukoteak, Aznalen zuzendaritzapean. Bihar, osteguna, estreinatuko dute lana Soreasu antzokian. "Bagenekien hango bizimodua hemengoarengandik desberdina zela; eta hona ekarri nahi genuen esperientzia hori", azaldu du Aznalek. Beraien asmoa ez da hezkuntza komunitarioa Euskal Herrian berdin-berdin aplikatzea, baina bai "erreferentzia batzuk erakustea" eta "pentsaraztea", hemen ere "halako espazioak sortzeko aukera egon daitekeelako".

Lau pertsona, bi kamera eta ilusioa. Horiexek dira lantaldeak eskura izan dituen baliabideak. "Baliabide gutxi genuen, baina moldatu gara; izan ere, prozesuan, garrantzitsuagoa izan da  gidoia prestatzea, lana egitea eta geure artean eztabaidatzea".

Eredu horizontala

Unibertsitatetik joan ziren Aznal eta Izagirre Txilera, ikastera. Entzuna zuten zerbait bertako hezkuntza komunitarioari buruz, baina gehiago nahi zuten jakin. Bikoteak azaldu duenez, hezkuntza eredu horrek bi xede ditu: "eredu tradizionaletik kanpo" gelditu diren herritarrak txertatzea eta "komunitate gisa lan egiteko kontzientzia lantzea". Praktikan ere baditu berezitasunak: "Harreman horizontalak dituzte ikasleek eta irakasleek. Elkarrekin esertzen dira, gaiak proposatzen dituzte gelan, sentipenetatik abiatzen dira azalpenak emateko… Ikaslea subjektu aktiboa da, ez du jaso soilik egiten, berak ere badu askatasuna iritzia emateko".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.