Datorren ikasturtean ikastaroak emateko proposamenak jasotzeko epea ireki du Udaleko Hezkuntza sailak

Uztarria.eus 2015ko eka. 17a, 12:14

Uztailaren 3rako aurkeztu behar dira eskaerak, udaletxeko sarrera erregistroan. Eskaera-orriarekin batera, ikastaroaren nondik-norakoak azalduko dituen txosten bat aurkeztu beharko da, 2014-2015 ikasturtean ikastaroren bat eman dutenen kasuan izan ezik.

2015-2016 ikasturtean Azpeitian ikastaroren bat eman nahi dutenentzat proposamenak aurkezteko epea ireki du Udaleko Hezkuntza sailak. Uztailaren 3rako aurkeztu behar dira eskaerak, udaletxeko sarrera erregistroan. Eskaera-orriarekin batera, ikastaroaren nondik-norakoak azalduko dituen txosten bat aurkeztu beharko da, 2014-2015 ikasturtean ikastaroren bat eman dutenen kasuan izan ezik.

Txosten horretan, besteak beste, ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzenduta dagoen eta irakasleak gaia ezagutzen duela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dira. Aldiz, ikasturte honetan ikastaroa eskaini dutenek, eskaera orria beteta nahikoa izango dute.

Ondoren, proiektuen balorazioa egingo du Udalak, eta aukeraketa fasean sartzeko hurrengo baldintzak bete behar dira: lantzea proposatzen duen gaiaren inguruko titulazioa edota lan esperientzia izatea, zerbitzu hori herrian beste inon ez eskaintzea eta Udaleko sailen bateko helburuekin bat egitea.

Aukeratutako proiektuei publizitatea egiteaz Udala arduratuko da, eta ikastaroa eskaini ahal izateko lokala ere utziko du. Udalak eta ikastaroa eskainiko duen pertsonak hitzarmena sinatuko dute, bi aldeen betebeharrak-eta jasoz bertan.