"Lana, errespetua eta konpromisoa" ardatz izango du EH Bilduk, hasi berri den agintaldian

Uztarria.eus 2015ko eka. 13a, 15:36

Gaur, zapatua, egin dute udalbatza berria osatzeko osoko bilkura, eta Eneko Etxeberria EH Bilduren zerrendaburua izango da Azpeitiko alkate beste lau urtez. Izan ere, Etxeberria zerrendaburu zen EH Bilduk botoen %52,03 jaso eta gehiengo osoa eskuratu zuen joan den maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan. Horrenbestez, hamar zinegotzi izango ditu koalizioak Azpeitiko Udalean -azken lau urteotan baino bat gutxiago-. EAJk, berriz, zazpi ordezkari izango ditu -2011n baino bi gehiago-, botoen %41,29 jasota. Zerrendak aurkeztu dituzten beste bi alderdiek, PSE-EEk eta PPk, ez dute ordezkaritzarik lortu.

17 zinegotziek "legeak hala agintzen duelako" egin diote zin Espainiako Konstituzioari kargua hartzerakoan. Ondoren, bozketa egin dute eta urteetan "galduta" izan den eta eraberritu egin duten XIX. mendeko zilarrezko hautesontzia erabili dute horretarako. Alderdi bakoitzak bere hautagaia babestu du; 10 boto jaso ditu EH Bilduko alkategai Eneko Etxeberriak eta zazpi EAJko Aitor Gorrotxategik. 

Eneko Etxeberriak jarraituko du alkate karguan, eta esker hitzak izan ditu herritarrentzat-eta: "Eskerrik asko gugan konfiantza jarri duten herritarrei, eskerrik asko udalerako aurkeztu diren beste aukeren alde egin duzuen herritarroi, eskerrik asko gaur etorri zaretenoi, inguruan ditugun lagunei, familiakoei, eta eskerrik asko hemen zaudeten zinegotzi guztioi hartutako konpromisoengatik". Bestalde, Juan Bautista Mendizabal azkoitiarrari ere eskerrak eman dizkio, "Azpeitiaren alde egindako lanagatik".

Etxeberriak azpimarratu du garrantzitsua dela udalean "zintzotasunez" aritzea. "Badakigu esatetik egitera pauso handia dagoela, eta udalean hartzen diren erabakiak sinple interpretatzen dira, askotan arrazoi sinpleak entzuten ditugu erabaki horien inguruan, baina ez da erraza: erabakiak konplexuak dira, arazoak ere konplexuak direlako", esan du. Hori dela eta, "erabakiok hartzeko denon laguntza behar" dela azaldu du: "Horregatik herritarrei eskatu nahi diet euren iritzia emateko. Guk bakoitzak ama eta aita ditugu, eta bakoitzak geure ibilbidea dugu, guk ez ditugu gauzak diren bezala ikusten, bakoitza garen moduan ikusten ditugu gauzak. Horregatik ahal den ikuspegi handiena izatea ezinbestekoa da".

Etxeberriak adierazi du "politika herritarren arazoak eta bizi-kalitatea konpontzeko tresna bezala" ulertu behar dela: "Gure aberriaren alde, nazio bat garelako, egin nahi dugu politika hemendik, Azpeititik, Euskal Herriaren alde. Eta hori da gure asmoa eta konpromisoa. Asmatuko dugun edo ez herritarrek esango dute, baina guk asmatzeko tresnak jarriko ditugu: ikuspegia jarrio dugu; arazo nagusi eta lehentasunen identifikazioan ariko gara, justiziaz eraiki dezagun Azpeitia; lana ere tresna izango da, eta lana egingo dugu eta gure onena ematen saiatuko gara; errespetuz ariko gara, denon eskubideak errespetatuz eta eskubide horiek bete daitezen exijituz; eta nola ez, konpromisoa hartzen dugu gure herriarekin eta herritarrekin; eta azkenik, ilusioa, jarrera da eta inportanteena". "Onena zor diogu gure herri honi eta eraiki dezagun denontzako etorkizun hobeagoa", esanaz amaitu du hitzartzea Etxeberriak.

Aitor Gorrotxategi EAJren alkategaiak ere hartu du hitza, eta lehenik zorionak eman dizkio Eneko Etxeberriari, berriz ere alkate izango delako. Gorrotxategik azpimarratu du azpeitiarrentzat lan egiteko prest dagoela EAJren udal taldea. "Herritarren alde lana egin behar dugu, eta inor ezin dugu utzi alde batera. Helburu orokorra horrek izan behar du. Hemendik aurrera 24 orduz lan egiten saiatu behar dugu alkatearengandik hasi azken zinegotziraino, herriak 24 orduz funtzionatzen duelako",  esan du. Horrez gain, "herritarren beharrei erantzun asmo" dutela eta EH Bilduko kideei esan die "elkarrekin gauzak adosten saiatu behar" dutela. 

Hauek dira 2015-2019 agintaldian Azpeitiko udalbatza osatuko duten zinegotziak:

EH Bildu: Eneko Etxeberria, Estitxu Elduaien, Agustin Lizarralde, Leire Etxaniz, Iosu Labaka, Ainhoa Beristain, Aitor Bereziartua, Ainara Larrañaga, Mikel Ibartzabal eta Leire Goenaga.

EAJ: Aitor Gorrotxategi, Nerea Etxeberria, Aritz Azpiazu, Itziar Lasa, Rebeka Larrañaga, Xanti Gurrutxaga eta Amaia Etxeberria.