ELA, LAB eta EHNE sindikatuetako herriko ordezkariek agerraldia egin dute gaur, ostirala, Gure Esku Dago herri plataformari babesa emateko, eta hark antolatuta ekainaren 21ean erabakitzeko eskubidearen alde euskal hiriburuetan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egiteko.
Hau da sindikatuetako ordezkariek zabaldu duten mezua, osorik:
"Gaur bildu gara hemen Azpeitiko eta Euskal Herriko sindikatu esanguratsuenak, Gure Esku Dago herri plataformari gure babesa emateko.
Herri ekimen honek, dakizuen bezala, eta Euskal Herrian aro berri baten atarian gaudela ulerturik, Euskal Herriak ezinbesteko duen erabakitzeko eskubidearen aldeko bozkaketa eskatzen du. Hau horrela, hemen bildu garen sindikatu ezberdinek deialdia luzatu nahi diegu Azpeitiko zein Euskal Herriko norbanako guztiei, eta nola ez agente politiko zein sozial ezberdin guztiei, ekainaren 21ean Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Baionan eta Donostian egingo diren ekitaldietan parte hartzeko.
Aukera bikaina izango dugu egun horretan, herri bezala, euskaldunok nor garen erakusteko, elkarrekin bat eginda, gure indarra norainokoa den argi eta garbi azaltzeko, oztopo guztien gainetik. Horretarako, ordea, antolatu beharra dago, kalera irten, mobilizatu... Aitzakiarik ez dago jada, gure herriaren jabe izan nahi badugu, urratsak etengabe egin beharra dauzkagu. Herri baten etorkizuna baitago jokoan, gure herriaren etorkizuna".