Bigarren aldiz antolatu dute Pinxo ta Mintzo ekimena Urolabekoek, iaz Azpeitiko Gaztetxean egindakoaren ondotik. Kasu honetan lehen sektorea aukeratu dute eztabaidarako. "Sektore hau gure ekonomia tradizionalaren oinarria izan da historian eta gaur egun geroz eta jende gehiagok planteatzen du bertatik bere bizimodua egitea. Baina baloratzen al da baserritarren lana? Hori datorren ostiraleko Pintxo ta Mintzon ikusiko da", diote antolatzaileek.
Ekainaren 19an 20:00etan Arroa Beheko Ederki elkartean antolatu duten ekintzan, Urola bailara osoko lehen sektoreko eragileak elkartu nahi dituzte Urolabekoek. "Tradizioan oinarrituta edo berritzailea? Ekologikoa? Etxekoa edota industriala?... Horrelako zein bestelako galdera askoren inguruan hausnartzea" da jardunaldiaren helburu nagusia. Tartean, sektore horretan dabiltzanen esperientziak plazaratuko dira, berritzaileenetatik tradizionaletara, "sektoreko prismaren ertz guztiak ukitu nahian. Azkenean, jan-edanean sektoreak bizi duen egoeraz eta aurrera begirako bideez hitz egin nahi dugu, beldurrik gabe eta bakoitzaren iritzi pertsonaletatik. Denen ahotsa da garrantzitsua zentzu horretan, denek dute zer esana, hasi produktoreetatik, banatzaile, kontsumitzaile, sukaldari edota transformatzaileetara, bakoitza bere esparrutik eta bere esperientzia zein nahietatik". Guztia kudeatzeko eta denek beraien iritziak plazaratu ahal izateko moderatzaile bat jarriko dute, solasaldia bideratzeko.
Izen-ematea
Parte-hartzea irekia da, lehen sektorean interesa duen edonorentzat izango da zabalik II. Pintxo ta Mintzo jardunaldia. Parte hartu nahi dutenek, hori bai, ezinbestekoa dute izena aurrez ematea, mahaiaren bueltan eta jan-edanean izango den solasaldiak aforo mugatua baitu. "Parte-hartzaile guztiek bertako produktuekin prestatutako afari apartaz gozatzeko aukera izango dute. Afaria jardunaldien izen-emate kuotaren barnean dago, hau da, 15 euro. Prezio horretan pintxo dastatze formatuan egindako afaria izango dute bertaratzen diren guztiek, pintxo gozo eta gaziekin, lehen sektoreko erronkez hitz egiten duten bitartean", azaldu dute.
Izena eman edota informazio gehiago nahi dutenek urolabtaldea@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 685789318 telefonora deitu dezakete. Antolatzaileen gaineko informazioa nahi izanez gero, berriz, www.urolab.eus webgunera jo dezakete.