Ikasturte amaierako jaialdiak egingo dituzte herriko ikastetxeek datozen egunetan

Uztarria.eus 2015ko eka. 11a, 14:35

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Urola Ikastolako ikasleek ostiralean egingo dute jaialdia, kiroldegian. Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek, aldiz, egun osoko egitaraua antolatu dute zapaturako. 

Ohiko moduan, ikasturtea festa giroan agurtuko dute herriko ikastetxeek datozen egunetan. Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolakoek eta Urola Ikastolakoek, zein Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek bihar, ostirala, eta etzi, zapatua, egingo dituzte jaialdiak, hurrenez hurren. 

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaiko eta Urola Ikastolako ikasleek ostiralean ospatuko dute jaialdia. Kiroldegian egingo dute 19:00etan hasita, eta sarrerak aurrez banatuko dira Ikastolan. Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasleek hartuko dute parte bertan eta guztiek abesti bana kantatu eta dantzatuko dute. Horrez gain, jaialdiaren amaieran Batxilergoko ikasleei orlak banatuko dizkiete. Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, "trafiko eta aparkaleku arazoak ekiditeko" oinez joatea gomendatzen dute. 

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, aldiz, zapatuan egingo dute ikasturte amaierako jaialdia. Egun osorako egitaraua prestatu dute horretarako eta 11:00etan hasiko dira ospakizunekin. Behin suziria botata, aurreskua dantzatu eta pregoia irakurriko dute. Ondoren, Haur Hezkuntzako ikasleek emanaldia egingo dute ikastolako areto nagusian eta batxilergoko ikasleei orlak banatuko dizkiete. 12:00etatik 13:00etara bitartean, hainbat ekintza egingo dituzte: txirrindulari froga, ikasle eta gurasoen arteko futbol partidak eta tortila patata txapelketa. Bazkal aurretik, 13:15ean, ikasleek antzerkiak egingo dituzte eta 14:00etan bazkalduko dute. Arratsalderako haurrentzako merienda, jolasak eta bitxigintza tailerra antolatu dituzte, eta 18:00etan Kupela taldearen emanaldia izango da.