Alebin mutilen Azpeitia Cupeko azken fasea jokatuko da asteburuan

Uztarria.eus 2015ko eka. 11a, 13:00
Iazko Azpeitia Cupeko irabazleak.

Ostiraletik igandera bitartean jokatuko da alebin mutilen Azpeitia Cupeko azken fasea. Guztira, 24 talde arituko dira lehian. Horien artean izango dira, besteak beste, Real Madrid, Malaga, Eibar, Anaitasuna, Bartzelona eta Lagun Onak. 

Asteburuan futbolak hartuko du Azpeitia. Izan ere, ostiraletik igandera bitartean alebin mutilen Azpeitia Cupeko azken fasea jokatuko da Garmendipeko futbol zelaietan. Ostiral arratsaldean hasiko da txapelketa eta zapatuan goizez nahiz arratsaldez jokatuko dituzte partidak. Igandean, aldiz, goizez soilik ariko dira lehian eta finala eguerdi partean izango da. 

Abenduan jokatu zen txapelketako lehenengo fasea eta 32 taldek hartu zuten parte orduan. Haietatik lau talde sailkatu ziren asteburu honetan jokatuko den Azpeitia Cuperako: Abadiño, Barakaldo, Arenas eta Ondarroa. Orain, Azpeitia Cupeko azken fasean, 24 talde arituko dira eta Real Madrid, Malaga, Eibar, Lagun Onak, Athletic, Valentzia edota Sevillak jokatuko dute, besteak beste. Hemen, parte hartuko duten taldeen zerrenda eta partiden ordutegiak.