Karate Elkarteak erakustaldia antolatu du zapaturako

Uztarria.eus 2015ko eka. 10a, 11:47
Iazko karate erakustaldiko argazki bat

Kiroldegian izango da erakustaldia, 16:30ean hasita. Sei-shin-ryu karate estiloko hainbat teknika erakutsiko dituzte bertan. Estilo horretan ibiltzen diren Azpeitiko Karate Elkarteko eta Donostiako Sabaki-Ha elkarteko kideek hartuko dute parte erakustaldian. 

Zapatuan, ekainak 13, karate erakustaldia izango da kiroldegian, 16:30ean hasita. Azpeitiko Karate Elkarteak antolatu du erakustaldia eta Sei-shin-ryu karate estiloko teknikak landuko dituzte bertan. Erakustaldian parte hartuko dute Sei-shin-ryu karate estiloan aritzen diren adin guztietako Azpeitiko Karate Elkarteko eta Donostiako Sabaki-Ha elkarteko kideek. 

Parte hartzaileen beroketa ariketekin hasiko da erakustaldia. Ondoren, katak egingo dituzte, banaka eta taldeka. Defentsa pertsonala ere landuko dute eta baita japoniar ezpataren erabilera ere. Arintasuna eta erreflexuak koordinatzeko ikasitako teknika ezberdinen loturak egingo dituzte jarraian, Jiu Kumite izenekoak. Horrez gain, hainbat objekturen puskatzeak ere landuko dituzte.

Sei-shin-ryu estiloa Tokion sortu zen. Eskola horren helburua askatasuna eta norberaren garapena da. Ko-budo armetan trebatzea, Ju-jitsu norberaren defentsa eta Iaai-do japoniar ezpataren erabilera dira estiloaren tekniketako batzuk.