Morroi ala marroi

Uztarria.eus 2015ko mai. 13a, 12:33

Ez dakit gaur egungo gazteek baserriko morroia zer zen ba ote dakiten. Ez dakit, inoiz, Atxuia-n edo Alabier-en morroirik izan duten. Dakidana, zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, behintzat, gure hurrengo morroia Atxuia ala Alabier izango dela. Oinaztar eta ganboatarren arteko lehia modernoa. Herriko agintari nagusi teorian, gure zerbitzari eta ordezkari eguneroko jardunean.

Eskatzea libre da, ematea ere bai. Eskatzeko unea hau da. Eskatutakoa emateko hitza ematen dizunari, badakizu, botoa. Eta boto gehien jasotzen duenak agintzeko ez, erabakiak hartzeko eskubidea eta beharra izango du datozen lau urteetan. Gehiengoa ez duenak gehiengoa duenari ahalik eta erabakirik onenak hartzen 'laguntzeko' ardura izango du. Jakin beharko lukete, eta jakin badakite, baina kontua ez da nork duen arrazoia ala nork irabazten duen, irabazi beti herriak, herritarrok irabazi behar dugu.
 
Bizi garen munduan bizi gara eta denok, bakoitza geure aita eta amaren ume gara. Bakoitzak geure ikutua dugu. Denok ezberdinak izan nahi dugu eta gure ezberdintasunak azpimarratzen saiatzen gara. Ni, gu eta gutarrak eta zu, zuek eta zuetarrak. Denok plazan elkartzen garenean ezberdintasunek agerikoak dirudite; Xoxotetik begiratuta denok berdin-berdinak gara. Goenako gainetik begiratuta ere bai. Alegia, herri honen beharren diagnosia, batzuk zein besteek, atxuiarrek nahiz alabiertarrek, oso antzekoa egingo dutela, edo egin beharko luketela. Beraz, proposamenek ere antzekoak izan beharko dute. Ñabardurek izango dute garrantzia. 
 
Eneko ala Aitor, Atxuia edo Alabier, bat ala beste, benetan uste dut, nahiko esku onetan gaudela. Morroia nor izan, guk aukeratuko dugu. Eta gero, guretzako lan egin dezatela. Eta beste lau urte barru, emakume bat. Bada garaia.