Joseba Albizu: "Nahiago dut afiziotzat eduki txirrindularitza, lanbidetzat baino"

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 10a, 12:19

Bartzelona-Donostia mendi bizikletako proba irabazi dute Albizuk eta taldekideek asteburuan, eta erronka gehiago ditu buruan. Bizikleta du afizio eta ofizio Joseba Albizu Erreka-k (Azpeitia, 1978). Bizikletak konpontzen harrapatu dugu lantokian, eta bueltaxka egitera irten da elkarrizketa bukatu ostean. 100 kilometro inguru egiteko asmoa du.

Donostia-Bartzelona mendiko bizikletako proba irabazi duzue. Nolakoa izan da esperientzia?

Oso ona. Ostegunean joan ginen Kataluniara, ostiral goizean bizikleta-buelta bat egin genuen, bazkaldu, eta iluntzean, Ibon Zugasti hasi zen lehen erreleboarekin. Bigarrena, Vidal Celisek egin zuen, eta nik hirugarrena hartu nuen. Gauez ibiltzea suertatu zitzaidan, 3:00etatik 7:30era egin nuen nire zatia.

Zer moduzko esperientzia izan duzu gauez?

Ederra. Gainera, inoiz ez zait egokitu gauez aritzea, eta nahiko ondo moldatu naiz. Tentsio handia izan nuen: ez da asko ikusten ilunpean, GPSari arretaz begiratu behar zaio, ibilbideari ere bai. Fisikoki baino gehiago nekatu nintzen psikologikoki. Beldur pixka bat ere pasatu nuen, zaratak entzuten nituen bidean; piztien txistuak, esate baterako. Errespetua ematen zuten. Iluntasunean, animalien begiak sumatu nituen, azeriak eta erbiak bidea gurutzatzen ere bai. Eguna argitzen ere ikusi nuen, eta polita izan zen esperientzia.

Erraz mantendu al zenuen orientazioa?

Bai, ondo ibili nintzen. Bidegurutzeren batean deskuidatu nintzen, baina segituan aurkitu nuen bide ona. Alde horretatik banuen kezka, baina taldekideek konfiantza eman zidaten, eta horrek ere lagundu dit.

Zer balorazio egin du taldeak?

Oso ona. Elkarlanean aritu gara, eta ongi irten zaigu guztia. Halako probetan, elkarbizitzak ere pisu handia du, eta gu ondo moldatu gara.

Banakako probetan Erreka Bike taldearekin aritzen zara, zeure enpresako jantziekin. Titan Deserten hasi zinen MMR-Powerade-Garmin taldearekin lasterketak jokatzen. Nola izan zen lehen kontaktu hori?

MMR-Powerade-Garmin taldea Bartzelona-Donostia proba gisako lasterketak egiteko sortu zen. Madril-Lisboa, esate baterako, bi urtez jarraian irabazi dute dagoeneko. Orain artean, Oscar Pujol txirrindularia ibili da haiekin, baina Japoniako talde batera joan da orain. Beraz, Zuberok, taldeko kide batek, Titan Desert-era beraiekin joateko proposamena egin zidan, eta pentsatu ere egin gabe erantzun nuen baietz. Hortik dator istorioa. Han eginiko lanarekin gustura gelditu ziren, eta Donostia-Bartzelonarako deitu zidaten.

Bestela ere lasterketa hori egitekoa zinen, ezta?

Bai, bakarrik egin nahi nuen ibilbidea. Hasieran, gainera, proposamena egin zidatenean, zalantzak izan nituen, haiekin joan edo neuk bakarrik egin proba. Niretzat erronka bat zen 759 kilometro horiek bakarrik egitea, baina konbentzitu egin ninduten beraiekin joateko, eta orain ez naiz damutzen. Hala ere, aurrera begira, nire helburuetako bat da Bartzelona-Donostia bakarrik egitea.

Elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.