Oier Ibarguren eta Unai Orbea, podiumetik podiumera

Uztarria.eus 2015ko eka. 9a, 18:57
Ibarguren, Gipuzkoako Txapelketaren podiumaren gorengo mailan.

Errepideko Gipuzkoako txapela eta Euskadiko Erlojupeko Txapelketan hirugarren postua lortu dituzte, hurrenez hurren, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko jubenil mailako ordezkariek joan den asteburuan.

Aurreko astean Atracciones Sanz-ekin Gipuzkoako Taldekako Erlojupeko Txapelketan bigarren sailkatu ondoren, talde horretan ari diren Oier Ibargurenek eta Unai Orbeak podiuma zapaldu dute berriro joan den asteburuan.

Jubenil mailako Errepideko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen zapatuan Seguran eta, han, Oier Ibargurenek txapela jantzi zuen. Bakarrik iritsi zen helmugara azpeitiarra eta Xabier Murgiondo (Ulma) eta Koldo Velasco (Andoaingo) izan zituen alboan podiumean. Igandean, berriz, Euskadiko Erlojupeko Txapelketa egin zen Caparroson, eta kasu horretan Unai Orbea izan zen podiumera igo zena. Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko jubenilak hirugarren postua lortu zuen, Iñigo Elosegiren (Autonervion) eta Eneko Aramendiaren (Quesos Albeniz) atzetik. Ibarguren zazpigarren postuan sailkatu zen Caparrosoko lasterketan.

Txirrindularitza Egun arrakastatsua

Bestetik, zapatuan eskola kiroleko egitarauaren barruan egin zen Txirrindularitza Egunarekin gustura azaldu dira Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko antolatzaileak. "Balorazio ona" egin dute, bai parte-hartzaile kopuruari dagokionez, bai parte hartu zutenen aldetik prestatutako jolasek-eta izan zuten harreragatik.