Bizi dinamikaren bigarren batzarra egingo dute ostiralean

Uztarria.eus 2015ko eka. 9a, 11:39
Bizi dinamikaren lehen batzarreko irudi bat

18:30ean hasiko dute batzarra, Sindikatu Zaharrean. Orain arte emandako pausoen berri emango dute bertan eta aurrera begira hartu beharreko erabakien inguruan eztabaidatuko dute. Proiektua "interesatu eta babesten duen oro" gonbidatuta dagoela adierazi dute Bizi dinamikako ordezkariek. 

Ostiralean, ekainak 12, Bizi dinamikaren bigarren batzar zabala egingo dute 18:30ean hasita, Sindikatu Zaharrean. Martxoan eman zioten hasiera etxebizitza alternatiben bila sortutako dinamikari, lehenengo batzarrarekin. Bertan hitz egindakotik abiatuta, talde eragilea jarri zuten martxan eta orain arte eman dituzten pausoen berri emango dute ostiraleko batzarrean. Ondoren, etxebizitza alternatiboan bizitzeko eskubide eta betebeharren inguruan hitz egiteko eta eztabaidatzeko aukera izango dela jakinarazi dute Bizi dinamikako ordezkariek, "hitz egin ostean ateratako ondorioetatik erabakiak hartu ahal izateko". 

Beste era batera bizitzea posible dela erakustea helburu sortu zuten Bizi Dinamika herriko hainbat gaztek. Horretarako, etxebizitza alternatibo bat sortu nahi dute. "Proiektua babestu edo interesatzen zaion oro" eta bertako eztabaida nahiz erabakietan parte hartu nahi duenak ostiraleko batzar zabalera "gonbidatuta" dagoela adierazi dute Bizi dinamikako ordezkariek.