Aldundiaren partaidetzazko aurrekontuen bi milioiak zer proiektutara bideratu erabakitzeko batzarra bihar egingo da Azkoitian

Uztarria.eus 2015ko eka. 8a, 20:22

38 proposameneko zerrenda jarriko dute maha gainean eta horien artetik hamar aukeratu beharko dituzte asteartean, hilak 9, 18:30ean Elkargunean egingo den batzar irekian parte hartzen duten herritarrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurtengo partaidetzazko aurrekontuen prozesua iritsi da bigarren fasera. Apirilean eta maiatzean, herritarrek datorren urteko foru aurrekontuetako bi milioi euro zertan inbertitu proposatzeko aukera izan zuten. Internetez, Gipuzkoako aldizkariekin banatutako esku-orriak bete eta bidalita, edota horretarako egin ziren bileretan parte hartuz egin zituzten ekarpenak herritarrek.

Urola Erdiari dagokionez, Azpeitia, Azkoitia, Beizama, Errezil eta Zestoako herritarrek guztira 90 proposamen egin zituzten ekarpenak jasotzeko fase horren barruan. Proposamen guztiak aztertu ondoren, Foru Aldundiak batzuk alde batera utzi ditu, "bi baldintza nagusiak betetzen ez dituztelako"; gaia Foru Aldundiaren eskumenekoa izatea eta eskualde izaera edukitzea, hau da, herri bat baino gehiagotan garatzea, ziren aurrez ezarritako bi baldintzok.

Orain, ekarpen fasean jaso eta baldintzak betetzen dituzten proposamenen artean aukeratzea tokatuko zaie herritarrei. Urola Erdiaren kasuan, azkenean 38 dira mahai gainean izango diren proposamenak, eta horietatik hamar aukeratzeko batzar irekia bihar, asteartea, Azkoitiko Elkargunean egingo da, 18:30ean. Azpeitia, Azkoitia, Beizama, Errezil eta Zestoako herritarrek har dezakete parte batzar horretan.

Elkarguneko bileran hautatutako diren egitasmoen zerrenda Foru Aldundiari bidaliko zaio, bakoitzaren bideragarritasuna azter dezaten. Behin betiko proiektu proposamenak iraileko bigarren hamabostaldian hautatuko dituzte herritarrek eta urrian txertatuko dituzte aurrekontu proposamenean.

Proposamenen zerrenda

Zortzi gai edo arlotan sailkatu dituzte biharko batzarrean aukeran izango diren 38 proposamenak. Hona hemen zerrenda osoa:

Berrikuntza:

  • Ekintzailetasun plana sustatzen jarraitu eskualdean: ekintzaile kultura herritarrengan, gazteengan ekintzaile baloreak ikastetxeen elkarlanaren bitartez, eta ekintzaileentzat zerbitzuak eta espazio fisikoak.
  • Enplegu berdea sortzeko azterketa eta ekintza plana jarri eskualdean.
  • Formazio profesionala bailarako industriara egokitua.
  • Teknologia berriekin sareak ireki, partaidetza herritarrengana bideratu eta komunikazioa hobetzeko.
  • Formakuntza: etengabeko formakuntza eskaintza eskualdean sustatu.
  • Herrigune eta auzoetan Internet konexioaren (fibra optikoa) abiadura egokia izateko egokitzapenak egin.
  • Gremio desberdinen elkargunea sortzea.
  • Jarduera ekonomikoak sustatzeko ikerketa burutzea.

Landa garapena:

  • Eskualdeko ekonomia sustatuz bertako produktuak eta bertako merkataritzaren aldeko proiektua: 1) marketing kanpainak eskualdean; 2) bertako produktuak erosteagatik languntzak lehen sektorean eta merkataritzan (bonoak); 3) martxan dagoen plataforma digitala indartu (Hemenbuy) . Elkarteen elkarlana eta irudia indartu teknologia berriak aplikatuz.
  • Eskualdeko baserri bideak konpontzea.
  • Eskualdeko mendi bideak hobetzea.
  • Landa eremuetako pertsona nagusientzako zerbitzuak.
  • Landa eremuetako baserrien ur gabezia arazoak konpontzea.

Turismoa:

  • Hezurren Egiak: bailarako aztarna arkeologikoak balorean jartzea.
  • Turismoa eskualdean indartzea: bailarak dituen aukerak bildu, eskaintza berriak sortu eta zabaldu, marketing plan indartsuen bitartez.
  • Naturako turismoa erakarri eskualdeko turismo jarduerari beste osagarri bat gehitzeko. Adibidez: Izarraitzeko Bira, Beizamako baso publikoak... dinamizatzeko ekintzak (martxa familiarrak, irteera gidatuak, ibilaldiak, ekimen desberdinak).

Berdintasuna, parte-hartzea, euskara eta garapenerako lankidetza:

  • Nepalerako laguntza.
  • Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko plangintza.
  • Pasaiako Segadaren inguruko dokumentala egitea.
  • Eskualdeko memoria historikoa berreskuratzea.

Gizarte politika:

  • Laguntza sozialak jasotzen dituztenek jasotakoa komunitateari itzultzea.
  • Pobrezia egoeran daudenentzat auto-hornitzeko baratzeak.
  • Zahartzaro aktiboa landu eskualdean (formazioa,  dantza, kirola...).
  • Adineko pertsonak zaintzeko ikastaroak.

Ingurumena:

  • Ibai-Eder pantanoaren inguruko eremuetan aisialdi jarduerak sustatzea.
  • Energia subiranotasuna sustatzeko eskualdeko plana.

Kirola, kultura, gazteria:

  • Udaleku parte-hartzaileak haur eta gazteentzat eskualdean.
  • Gazte eta haur teknikaria Errezil eta Beizamarako.
  • Eskualde mailako sinismen zaharrak (mitologia) jaso, aztertu eta zabaltzera eman.
  • Bailarako arte eszenikoen eskola.
  • Eskualdeko herri eta auzoen kultura ezagutzeko eta ezagutarazteko entziklopedia.
  • Eskualdeko aniztasun eta integrazio plangintza eta ekintza plana.
  • Kirol sustapena herri txikietan.

Mugikortasuna eta bide azpiegitura:

  • Bidegorri sarea osatu eskualdea lotzeko: bizikletaz mugikortasuna bermatu eta oinezkoentzat izan daitekeena.
  • Bide berde sarea.
  • Errepide sarearen konponketa.
  • Bailara barneko mugikortasun plana eta ekintza plana.
  • Gatza banatzen duen makina bat eskualderako.