Azpeitiarrak nagusi Herriarteko Txapelketako finalaurdenetako joaneko partidan

Uztarria.eus 2015ko eka. 8a, 12:43

Hiru partidetatik bi irabazita gailendu ziren azpeitiarrak beasaindarren kontra. Bueltako partida Beasainen izango da datorren ostiralean, ekainak 12.

Azpeitiarrek irabazi zuten joan den ostiralean jokatutako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalaurdenetako joaneko partida. Beasaindarren aurka aritu ziren Frontoi Txikian, eta jokatutako hiru partidetatik bitan gailendu ziren azpeitiarrak. Lehen partida Mikel Unanue eta Jon Alberdi kadeteek jokatu zuten eta 22 eta 5 irabazi zieten beasaindarrei. Bigarren neurketa Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek jokatu zuten. Ezin izan zuten beasaindarren aurrean nagusitu eta 22 eta 7 galdu zuten. Hirugarren partida, berriz, Daniel Murgiondok eta Iurgi Larrañagak jokatu zuten eta 22 eta 10 nagusitu ziren azpeitiarrak.

Datorren ostiralean, ekainak 12, jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalaurdenetako bueltako partida, Beasainen.