Joseba Albizuren taldeak irabazi du Bartzelona-Donostia mendi bizikletako proba

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 8a, 11:54
MMR-Powerade-Garmin taldeko txirrindulariak. (Eneritz Albizu)

Hogeita zortzi ordu, 43 minutu eta 56 segundoan bukatu dute lasterketa, bart gauean. Launakako sailkapenean eta sailkapen absolutuan lehenak izan dira MMR-Powerade-Garmin taldeko txirrindulariak.

Joseba Albizuk, Vidal Celisek, Ibon Zugastik eta Julen Zuberok (MMR-Powerade-Garmin) irabazi dute Bartzelona-Donostia Non Stop mendi bizikletako probaren lehen edizioa. Ostiral iluntzean hasi zuten ibilbidea txirrindulariek, eta bart gauean iritsi dira, 00:45ak inguruan, 759 kilometro egin ostean. Guztira, 28 ordu, 43 minutu eta 56 segundo behar izan dituzte lasterketa bukatzeko, eta oroigarri bana eta lauren artean banatzeko 5.000 euroko saria jaso dituzte.

Irabazteko helburuarekin joan ziren Bartzelonara txirrindulariak, eta ibilbidea 30 ordu azpitik egitea jarri zuten erronka gisa. Egun hauetan eginiko lanarekin "oso gustura" daudela esan du Joseba Albizuk. Ostiralean, 20:00etan hasi zen lasterketa, eta 3:00etan hartu zuen txirrindulari azpeitiarrak lehen erreleboa. 3:00etatik 7:30ak bitartean egin zuen hark probako hirugarren zatia: "Lehen aldiz egin dut gauez halako ibilbide bat; eta, egia esan, ez da erraza. Fisikoa baino gehiago nekatu behar duzu burua: ilunpetan zaude, bakarrik, ez duzu ezer ikusten, eta zuzeneko bidea hartu behar duzu, inori ezer kontsultatu gabe". Haren arabera, fisikoki "gehiago emateko aukera" zuela sentitu zuen, baina une horretan ikusi zuen orientazioa zela lehentasuna "gauzak ondo" egiteko. Beraz, Balaguer udalerritik (Lleida, Herrialde Katalanak) hasi, eta Candasnos (Huesca, Espainia) bitartean egin zuen Albizuk bere lehen erreleboa, taldearen hirugarrena, 125 kilometrokoa.

Bigarren erreleboa atzo, larunbata, arratsaldean hartu zuen, dagoeneko Euskal Herrian, Tafallan; eta Irurtzunera joan zen handik. Seigarren erreleboa zen hura taldearentzat, eta lehendik ia ordubeteko tartea zuten MMR-Powerade-Garmin taldeko gizonek bigarrenarekiko, Garmin taldearekiko. Azken 150 kilometroetan aldea zabaltzea lortu zuten Albizuk eta taldekideek, eta hiru ordu inguruko abantaila atera diete helmugan. Sari-banaketa gaur, igandea, goizean izan da, Antonio Elorza Donostiako belodromoan.